Etxaurren Ikastolako argiteria guztiz aldatu eta LED teknologia ezarri du Aiarako Udalak. Azken asteetan gauzatu du hobekuntza, energia kontsumoa murrizteko helburuarekin.
Gentza Alamillo Aiarako alkateak adierazi duenez, “udalak 16.500 euro ordaindu ondoren, LED motako 400 hodi baino gehiago instalatu dira eta, horiei esker, energia asko aurreztea lortuko da, ikastolako ikasleen erabilera-esperientzia hobetzearekin batera”.
Alkateak berak gogoratu du energiari lotutako ekimen gehiago abiatu dituela tokiko erakundeak: "biomasa-galdara bat jarriko da gasolio-galdararen ordez, eta berokuntza-sistema osoa birmoldatuko da”. Gainera, iaz, duela 30 urte baino gehiago jarritako eraikin osoko leihoak aldatzeko eskatu zuen udalak, Foru Planaren bidez. "Beharrezko hobekuntza da, eta 230.000 euroko aurrekontua du guztira, berogailua ere aldatuko baita", nabarmendu du Alamillok.