Ertzaintzak 31 eta 28 urteko bi gizon atzeman zituen ostiralean Urkabustaizen. Zehazki, A-2521 errepidean egindako kontrolean atzeman zituen poliziak. Ustezko lapurrek ihes egin zuten kontroletik eta patruila batek harrapatu zituen ibilgailuan joaten ziren bi susmagarri. Hirugarren batek hanka egitea lortu zuen.
Kontrol batetik ihes egin zuten hiru susmagarriak eta bat ez du oraindik harrapatu Ertzaintzak.
Hain zuzen, ertzainek pertsona horiek lotzen dituzte Araban urtarrilean gertatutako 8 lapurretekin. Horietako bi Arespalditzan izan ziren eta besteak Izarran, Estibalitzen, Murgian eta Duranan. Segurtasun Sailaren ustez, ekintza mota horietan aditua den talde bateko kideak dira atxilotuak.
Lapurreta, desobedientzia eta atentatua
Ostiraleko gertakarien ondorioz, Ertzaintzak ez die soilik indarraz egindako lapurretak egotzi gizonezkoei. Horrez gain, desobedientzia larria eta agintaritzaren agenteen kontrako atentatua leporatu dizkie. Izan ere, ustezko gaizkileek ez zituzten ertzainen aginduak jarraitu eta euren integritate fisikoa arriskuan jarri zuten kontroletik ihes egitean. Poliziak adierazi du errepideko erabiltzaileen osasuna ere konprometitu zutela ihesaldian.
Ikerketa irekirik
Ertzaintzak ez du bukatutzat jo ostiralean abiatutako operazioa. Asteburuan poliziaren helikopteroa egon da San Pedro mendiaren inguruak arakatzen hirugarren susmagarriaren bila eta prentsa zerbitzuak jakinarazi du, momentuz, ez dutela topatu.