Asteburu honetan itzuliko da eskola kirola Arabako kirol-guneetara. Arabako Foru Aldundia kirol federazio eta guraso elkarteekin batzartu da azken bi egunetan lehiaketaren berrabiaraztea aztertzeko, eta Osasun Sailak gaur utzi du bertan behera eskolaz kanpoko jarduerak egitearen debekua. Horrenbestez, lehiaketaren itzulera agindu du Foru Erakundearen Kultura eta Kirol Sailak.
Ezinegona sortu zuen Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiak kirol federazio eta guraso elkarteetan. Ana del Val Kultura eta Kirol diputatuak berak, neurriarekin atzera egiteko eskatu zion Osasun Sailari.
Hori dela eta, alde guztiek azken asteetan erakutsitako jarrera "proaktiboa" txalotu du foru diputatuak. Aitortza ere egin die eragileei, bi urte hauetan eskola kirol seguru baten alde inplikatzeagatik.