Bizikletak mantendu eta konpontzeko guneak prestatu ditu Aiarako Udalak Luiaondon eta Arespalditzan. ‘Bizipuntu’ izena jarri diete espazioei, eta txirrindulariek ohikoan behar dituzten tresnekin hornitu dituzte, gurpilak puzteko ponpak tartean. Ur-sarera konektatuta daude gainera, bizikletak garbitu ahal izateko.
Horrez gain, beste tresna hauek ere dituzte guneek:
- Bihurkinak.
- Giltza inglesa.
- Giltza finkoak.
- Giltza txikiak.
- Pneumatikoen estalkiak desmuntatzeko eta muntatzeko beharrezkoak diren beste tresna batzuk.
Luiaondoko puntua pista estaliaren alboan jarri dute. Tokiko erakundeak azaldu duenez, URA agentziarekin harremanetan jarri behar izan dira horretarako, lekua errekatik gertu dagoelako.
Arespalditzako espazioa, aldiz, Emakumeen Gelaren ondoko parkean kokatu dute.
Erabilera libre eta doakoa
Bi guneen erabilera erabat libre eta doakoa izango da. Aiarako bizilagunen artean “bizimodu osasungarria” sustatzea da txokoen helburu nagusia, Gentza Alamillo Udaeta alkateak zehaztu duenez.
