Ilustratzailea zara... ofizioz ala afizioz?
Marrazkilari edo ilustratzailea naiz. Dena den, nire irudiak hainbat formatutan egitea gustatzen zait. Keramikan, esaterako, artisauki osatzen ditut piezak, eskuz. Esperimentatzea gogoko dut, gauza desberdinak egiten saiatzea.
Raisa Alava izenarekin araka daitezke zure lanak espazio digitaletan, ezta?
Bai. Webgunea eta Instagram zein Facebook kontuak ditut. Raisa Alava da nire izena hor ere.
Nola definituko zenuke zure estiloa? Zertan oinarritzen zara?
Komikiak izan dira beti nire erreferente gogokoenak. Mota askotakoak jarraitu ditut: Mortadelo eta Filemon... Alabaina, haurrentzako ipuinak beti izan ditut presente nire bizitzan zehar. Beti marraztu izan dut. Horregatik, orain egiten dudana bizitza osoko garapenaren ondorio da.
Nolatan piztu zitzaizun marrazkigintzarekiko zaletasuna?
Aita margolaria da. Txikitan, imitaziorako joera dugu, horrela funtzionatzen dugu... Askotan ikusten nuen marrazten, eta asko disfrutatzen zuen margotzen zuenean. Horregatik, ziur aski, bera imitatzeagatik hasi nintzen marrazten.
Zenbat urte daramatzazu margo artean? Zein da egin duzun enkargu edo lanik kuttunena edo esanguratsuena?
Bizitza osoa. Zortea izan dut, ez delako mundu erraza. Orain The Newyorker aldizkariarentzat edota HBOrentzat lan egiten ari naiz. Horri esker, nire lanak ezagunak bihurtzen ari dira mundu osoan barrena. Pozik nago, egia esan.
Kolaborazioei lotuta dago, beraz, ilustratzailearen ibilbide profesionala?
Bai. Denetarik egin behar da, gainera. Beti heldu behar zaie erronka berriei. Kontaktuak izatea beste kontu bat da. Mundu hau zaila da.
Zein proiektutan murgilduta dago egun Raisa Alava?
Oraintsu Feministaldiaren kartel eta iruditegia sortu dut, eta egutegiak. Horrez gain, keramika platerak eta abar egiten ari naiz ere.
Euskal Herriko emakume ilustratzaileen artean bada harreman edo sarerik?
Bai, geroz eta gehiago gainera. Ilustratzaile gehienak emakumeak gara. Arte Ederrak ikasi nituenean, erdia baino gehiago emakumeak ginen; eta oso garrantzitsua da gure arteko sare horiek mantendu eta sustatzea. Orain, kolektibo asko gaude: Donostian Tupust kolektiboa dago (emakume komikigintzan dihardute lanean), eta Bilbon ere gauzak mugitzen ari dira. Sareak egon edo ez, saretze saiakerak badaude.