Aiarako Udalak jakinarazi du parte hartzerako prozesua jarri duela abian herritarrek ekarpenak egin ditzaten aurrekontuetan. Berez, aiararrek euren iritzia plazaratu dezakete udalaren esku dagoen edozein esparruri buruz: ingurumena, gizarte zerbitzuak, euskara, berdintasuna, kultura, kirola... Tokiko erakundeak banan-banan baloratuko ditu proposamenak eta udal aurrekontuetan txertatzeko aukera.
Iradokizunak egiteko aintzat hartu beharra dago proiektua bideragarria izan behar dela, eta ez dela interes partikularrak asetzeko, baizik eta interes orokorra sustatzeko. Jaso behar den informazioari dagokionez, tokiko erakundeak hurrengoa nabarmendu du: "Ez da deskribapen konplexu edo teknikorik behar, baina zenbat eta xehetasun gehiago izan eta zenbat eta zabalagoa izan deskribapena, orduan eta errazago egingo zaio Udalari hura ebaluatzea".
Edonola ere, hurrengo datuak eskatuko ditu udalak:
- Proposamena aurkezten duen pertsona fisiko edo juridikoaren datuak.
- Proposamenaren izena
- Proposamenaren deskribapena: zergatik aurkezten den, zer helburu dituen eta zer giza talderi zuzenduta dagoen edo nori egingo dion onura.
- Gutxi gorabeherako kostua, baldin eta badakite.
- Beharrezko iritzitako dokumentuak erantsi ahal izango dira.
Parte hartzaileak
Ekimena bideratuta dago bi profil ezberdinak batu daitezen egitasmora. Alde batetik, Aiaran erroldatutako 16 urtetik gorako edozein pertsona, norbanako gisa. Bestetik, izaera juridikoa duen edozein administrazio-batzar, fundazio, enpresa, elkarte edo entitate.
Iradokizunak udal bulegoetan egin daitezke erregistro orokorrean idazkia aurkeztuta, edo partaidetza@aiarakoudala.eus helbidera mezua bidalita.