Dozenaka herritar bildu dira gaur arratsaldean Martxoaren 8a dela eta Arespalditzan eginiko elkarretaratzean.
Ez dira horretara mugatu, Aiarako Gune Feminista ere inauguratu baitute. "Aspalditik datorren ekimena da, baina, pandemia dela eta, ez dugu orain arte egiterik izan", azaldu diote ekimenaren sustatzaileek Aiaraldea Komunikabideari.
Ferialeko zelaian kokatu dute gunea. Panel bat jarri dute, mugimendu feministaren albiste eta deialdiak partekatzeko. "Buzoi bat ere jarri nahi dugu, salaketak, iradokizunak edota hausnarketak jasotzeko".
Horrez gain, bilerak ere egin nahi dituzte bertan, "emakumeei ikusgarritasuna emateko".
Datozen egunetarako egitaraua
Aiarako Udalak egitarau oparoa prestatu du Martxoaren 8aren testuinguruan. Datorren larunbatean -martxoak 12- zineforuma egingo dute Menagariko eskoletan. Thelma eta Louise filma proiektatuko dute, 16:00etan. Igandean, aldiz, Berdintasun Aldeko Eskualdeko Martxara batzeko deia luzatu dute, Luiaondon amaituko baita.
Bukatzeko, hitzaldia egongo da hilaren 19an. Medikuntzan dagoen desparekotasuna jorratuko dute, 18:45ean Llantenoko Eskoletan.
Argazkiak: Aitor Aspuru Saez