Espainiako estatuko 30 talde lehiatuko dira eskualdeko errepidetan hiru asteburutan, Aiara Bira irabaztea helburu. Hain zuzen, hurrengo egutegia beteko dute:
- Martxoaren 12an: Amurrio, 16:00etan hasita
- Martxoaren 13an: Baranbio, 11:00etan hasita
- Martxoaren 19an: Laudio,16:00etan hasita
- Martxoaren 20an: Okondo, 11:00etan hasita
- Martxoaren 26an: Artziniega, 16:00etan hasita
- Martxoaren 27an: Arespalditza, 11:00etan hasita
Aurtengo berritasun handiena da Baranbion etapa bat egongo dela. Arabako Txirrindularitza Federazioak, Kuxkumendi Taldeak eta Baranbioko Administrazio Batzarrak antolatuko dute lasterketa hori. Horri esker, eskualdera etortzen diren 29 taldeek hiru asteburuak izango dituzte beteta.
Atzo 19:30ean egin zuten lasterketa aurkezteko ekitaldia. Aiara, Amurrio, Artziniega eta Okondoko udal ordezkariek hartu zuten parte, Aiarako Kuadrillako presidentearekin batera. Raul Mena Euskal Federazioko presidenteak eta Julia Liberal Arabako presidenteak hartu zuten hitza. Guztiek goraipatu zuten Aiara Birak egiten duen lana kirola, zenbait balio eta eskualdea bera sustatzeko.
Jabier Lucasek hartu zuen mikrofonoa gero eta azpimarratu zuen 30 talde erakarri dituela lasterketak Espainiako estatuko hainbat txokotik (irlak barne) eta 10 talde gehiagori ezezkoa eman behar izan dietela.
Lucasek egoera bitxiak aipatu zituen. Adibidez, Aiara Bira irabazi duten txirrindularien zerrenda erakutsi zuen, horietako batzuen semeak aurtengo edizioan egongo direla nabarmentzeko.
Halaber, aurkezleak aipatu zuen aukera egongo dela Aiara Biraren berri zuzenean izateko etapa bakoitzean, webgune eta app berriari esker.
Ekitaldia amaitzeko, Aiala Txirrindularitza Elkarteko taldekide guztiak aurkeztu zituzten.