Aiarako Udala komunitate energetikoen aurka azaldu izana salatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2022ko mar. 24a, 17:49

Martxoko udal osoko bilkuran aurkeztu zuen EH Bilduk komunitate energetikoak sortzeko porposamena. / Aiaraldea.eus

Aiaran komunitate energetikoak sortzeko proposamena eraman zuen EH Bilduk martxoko udal osoko bilkurara. EAJk aurka bozkatu zuen, proposamena bertan behera utziz. Erabakiak harridura sortu du oposizioko taldeen artean.

Aiaran komunitate energetikoak sortzeko proposamena aurkeztu zuen EH Bilduk martxoko udal osoko bilkuran. Koalizio abertzalearen iritziz, "eredu kooperatibo berriak sustatzeko aukera ematen duten tresnak" dira komunitate energetikoak, "energia berriztagarrien ekoizpen, kudeaketa, kontrol eta kontsumo komunitarioaren inguruan".

Zentzu horretan hainbat bilera egin ditu Aiarako EH Bilduk udalerriko elkarte eta auzokideekin, proposamena aurkeztu eta hauen inguruan informatzeko helburuarekin. "Esperientzia horiek oso hedatuta daude dagoeneko hainbat puntutan, eta iraunkortasunean, aurrezkian, eraginkortasunean eta herritarren parte-hartzean oinarritzen dira" azaldu zuen Karmele Población bozeramaileak gaia eztabaidatua izango zen udal osoko bilkuraren atarian.

"Komunitate energetikoak energia berdea sortzeko modu kooperatibo batean elkartzeko tresnak dira, argiaren fakturan aurreztea dakarte, ingurumen-inpaktua murrizten dute, azpiegitura handien ugaritzea saihesten dute eta komunitateak kudeaketaren kontrola hartzeko aukera ematen dute" gehitu zion Poblacionek azalpenari.

EAJren zazpi botoak aurka

Proposamenak EH Bildu eta Aiara Batuz oposizioko alderdien aldeko botoa jaso zuten, ez ordea EAJko zazpi zinegotziena. EH Bilduk "harriduraz" hartu du jeltzaleak proposamenaren aurka agertu izana. Azaldu dute ez zutela ezezko botorik espero, beste udalerri batzuetan trantsizio-testuinguruan egiten diren antzeko proposamenen aldeko jarrera erakutsi baitute jeltzaleek.

"Ekimena bat dator 2030 Agendaren Udal Adierazpenaren helburu eta gomendioekin, zeina aho batez onartu baikenuen osoko bilkuran bertan"

EH Bilduk azaldu du Europar Batasuna bera ari dela estatuak gonbidatzen komunitate energetikoen figurak garatzera, baita Next Generation funtsetako zati bat horrelako proiektuetara bideratuta dagoela. "

Are gehiago, ekimena bat dator 2030 Agendaren Udal Adierazpenaren helburu eta gomendioekin, zeina aho batez onartu baikenuen osoko bilkuran bertan" nabarmendu du oposizioko udal taldeak.

Gauzak horrela Udal gobernuari bere iritzia azaltzea eskatu diote: "EAJko zinegotziak komunitate energetikoak bultzatzearen aurka daude, espektroa itxi nahi ez dutelako, eta hori ez du ez hankarik ez bururik. Komunitate energetikoekin, zer beste aukera dago. Proiektu energetiko handiak?".

Oraindik "egoera bideratzeko denbora" dagoela nabarmendu du koalizioak, eta energia-ereduaren inguruan hausnartzeko deia egin dute: "Komunitate energetikoena udal-gobernu honentzat baliozkoa ez bada, argitu beharko luke zein den bere benetako apustua komunitatearentzat hain garrantzitsua den eztabaida batean; herritarrek eskubidea dute jakiteko alderdi bakoitzak zer proposatzen duen, gertakariei eusten ez dieten klima-aldaketari buruzko diskurtsoetatik harago".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide