ERREPORTAJEA

30 urte bete ditu Maroñoko urtegiak

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko api. 11a, 12:40
Maroñoko urtegia airetik. / Ruben Ladron de Gebara

Duela 30 urte, 1991ko azaroaren 22an, bete zuten lehendabiziko aldiz Maroñoko urtegia, Izoria ibaiko harana ur azpian utziz. Obrak Aiaraldeko paisaia ikusgarrienetako bat sortu zuen, biodibertsitate aberats baten gordeleku. Milaka dira hormigoizko dikera bertaratzen diren bisitariak, inguruko  biztanleak  eguneroko bizitzarekin aurrera jarraitzen duten bitartean.

Aiaraldeko txokorik ezagunenetakoa da Maroñoko urtegia. Hormigoizko egitura erraldoiak eskaintzen duen Gorobel mendilerroko ikuspegia eskualdeko erakusleiho nagusia bilakatu da. Eskualdetik kanpo ehunka dira bertako parajea ezagutzera hurbiltzen direnak. Tologorri eta Ungino mendiak islatzen dituen ur-masa hori, ordea, ez da beti hor egon; duela 30 urte Ias , Salmanton eta Izoria arroiletako urek hormigoizko horma erraldoi baten aurka jo, eta antzina Maroñoko eskolak eta errotak gordetzen zituen harana irentsi zituzten, 1991ko azaroaren 22an hain zuzen ere.

Proiektuaren hastapenak

Duela 30 urte, Maroño eta Agiñiga herrien ingurunea zeharo aldatu zen betiko, baina proiektua askoz lehenagotik zegoen mahaigainean. Arabako Foru Aldundiak 1975ean  150 litro segundoko emaria eskatu zuen Laudioko ur-horniketaren arazo larriei aurre egiteko. Espainiako Gobernuak 1978an onartu zuen eskari hori, eta administrazio arabarrak urtegi berriaren proiektua idazteari ekin zion. 1985ean onartu zen proiektua eta 1988an abiatu ziren Aiarako haran galdu hori eraldatuko zuten lanak.
Baina, zergatik Maroñon eta ez beste haranen batean? Agiñigatik datorren Ias errekak eta Salmantonetik datorrenak Babio eta Eskoritas mendien artean sortzen den Maroñoko haran estuan egiten dute bat, Izoria errekaren jaiotzan. Gorobeleko akuiferoetatik datorren ur emaria etengabea da puntu horretan eta, hain zuzen ere, Ias errekatik dator Amurriok izandako lehen ur-horniketa sarea.

Proiektuak Maroñoko herriari eragiten zion soilik, ur-maila herrigunetik behera geratzen zen eta ez zuen etxebizitzarik kaltetu eta ez zen beharrezkoa izan bizilagunik lekualdatzea. Haranaren uholdeak, baina, hainbat lursail irentsi zituen; bi errota eta II. Errepublika garaian eraikitako eskolak ere ur-azpian amaitu zuten. Arabako Diputazioak garaiko 17 milioi pezeta ordaindi zituen lur, jabetza eta bertako eraikin guztien desjabetzengatik; 120.000 euro. Lur horien galerak ez zuen inplikazio sozial edota ekonomiko handirik eragin bertako biztanleengan. Garia horretan lau ziren inguruko abeltzaintza ustiategiak, eta urtegia eraiki ostean ere berdin jarraitu zuten.

Jose Mari Aguirre Maroñoko Batzar Administratiboko alkatea da gaur egun, duela 30 urte bera zegoen postuan, ondo gogoratzen ditu desjabetzak eta 1980ko hamarkadako obrak: “Urtegia dagoen lekuan zeuden lurrak ez ziren abeltzaintzarako erabiltzen, zonalde malkartsua zen; baso txiki bat zegoen, herriko eskolak, errota bat eta bigarren errota bat zuen baserri abandonatu bat”. Maroñoko bizilagunek 15 urte lehenagotik zekiten lur horiek desagertu egingo zirela, eta bertako basoetatik ahalik eta egur gehien ateratzeko aprobetxatu zuten, herriko beste baso publikoak ustiatu aurretik.

Baina herritarren eta Diputazioaren arteko harremanak ez ziren beti goxoak izan, Aguirrek gogoan du lur-jabetzak merke saltzeaz gain, bestelako ondasun batzuk ere desjabetu nahi zituela administrazioak: “Errotan zeuden errotarriak eraman nahi zituzten, Arabako ez dakit zer herriko parke batean jartzeko. Ez geunden hori onartzeko prest. Auzokide talde batek errotarriak hartu genituen eraman aurretik, eta eliza aurrean utzi genituen. Oraindik ere bertan jarraitzen dute ikusgai”. Administrazioko inor ez zen oroitu errotarriak hartzeaz, eta gaur egun mahai funtzioa betetzen dute Maroñoko herritarrentzat.

“Egurra hartzen genuen baso horretatik, eta argi neukan zuhaitz bat gutxienez salbatu behar genuela urak estali aurretik. Adaxka txiki bat aurkitu nuen, hura hartu eta etxe ondoko soro batean birlandatu nuen”

Errotarriak ez ziren izan Jose Mari Agirrek urtegiko uretatik salabtu zuen gauza bakarra. Herbologia zalea izan da Aguirre betidanik, eta urek irentsi behar zuten basoko pago txiki bat erreskatatzea erabaki zuen: “Egurra hartzen genuen baso horretatik, eta argi neukan zuhaitz bat gutxienez salbatu behar genuela. Adaxka txiki bat aurkitu nuen, hura hartu eta etxe ondoko soro batean birlandatu nuen”. 30 urteren buruan sendo hazitako zuhaitza da pago hura, eta Aguirreren etxe ondoan jarritzen du zutik, ur-azpian geratutako lurren memoria gordez.

Obrak

Zimenduen indusketek eman zioten hasiera urtegia eraikitzeko lanei 1988an. Obra zibilak 1.300 milioi pezetako kostua izan zuen guztira, gaur egungo 7,8 milioi euro. Ordura arteko teknikarik aurreratuenak erabili ziren, berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua eginez. Hain zuzen ere, hormigoi trinkotua baliatu zuten Maroñoko urak eutsiko zituen horma altxatzeko.

Maroñoko herritarrei hainbat lan egitea egokitu zitzaien ere, Jose Mari Aguirrek gogoratu duen bezala: “topografoekin ibili ginen gora eta behera ur-mailaren kotako zuhaitzak botatzen. Gure motozerrak erabili genituen, eta hasieran ez ziguten erregaia ordaindu nahi”.

Talka txiki horietaz edota espropiazio aferetaz gain, urtegiaren eraikuntzak ez zuen aparteko haserrealdirik edo protestarik eragin kaltetutako herrietako auzokideengan.
Obrak 1992an amaitu zituzten behin betiko, 182 metro luze eta 53 metroko altuera duen hormigoizko horma utziz, 2.500 hektometro kubiko gordetzeko gaitasuna duena. Anekdota bitxi bezala diputazioak ez zuen Maroñoko alkatea inauguraziora gonbidatu, landa-eremuari egiten zitzaion mespertxuaren adibide.

“Urtegiak ugaztun eta anfibio espezie ugari erakarri ditu, baina eraldaketa nagusia hegazti urtarren etorreran dago”

Agertoki natural berri bat

Urtegiaren eraikuntzak eraldaketa asko ekarri ditu Maroño eta Agiñiga inguruetara. “Urtegiak izugarrizko eraldaketa paisajistikoa eragin zuen zonaldean, hori izan zen lehenengo inpresioa” azaldu du Enrique Arberas biologoak, eraldaketa handiena, ordea, biodibertsitatean dagoela azpimarratu du. “Ur masa berri horren presentzia hutsak biodibertsitatearen hazkuntza izugarria eragin zuen”.

Espezie dibertsitate handiena ur-bazterretan aurkitzen da. Duela 30 urteko eta gaur egungo argazkiak alderatuz zuhaitz kopurua nabarmen hasi dela ikus daiteke. Baso txiki ugari sortu dira, eta, hain zuzen ere, paisaia mosaiko hori da biodibertsitate aberats hori ahalbidetzen duena. “Urtegiak ugaztun eta anfibio espezie ugari erakarri ditu, baina eraldaketa nagusia hegazti urtarren etorreran dago” azpimarratu du Arberasek. “Hegaztiak bi modutara hasten dira ur-masa handi horretaz aprobetatxatzen: migrazio prozesuetako atseden gune bezala edo hazkuntza eremu bezala. Gauzak horrela, urtegia eraiki zenetik hegazti urtarren 57 espezie desberdin katalogatu ditugu Maroñon”.

Arberasek astez aste osatzen du Maroñon dauden hegaztien zentsua. Urteak darama lan hori egiten eta oso ondo ezagutzen ditu bertatik igarotzen diren espezie guztiak, baita erreprodukzio bikoteak ere. Arberas 2001. urtean etorri zen Agiñigara bizitzera. Betidanik piztu izan dio interesa inguruak, eta 2017an zonaldearen inguruko liburua argitaratu zuen.

Aktibo turistikoa

Zalantzarik gabe, urtegiak eta berau inguratzen duten ingurune naturalen balio paisajistikoak Aiaraldeko txoko bisitatuena bilakatu dute Maroñoko urtegia. “Urtegiko dikea, bereziki oso bisitatua da” azaldu du Arberasek; “egunero azaltzen da ETBn, eta aste honetakoa bezalako egun elurtuetan dozenaka argazkilari etortzen dira. Maroñoko urtegia Aiaraldea bezalako txoko ezezagun bateko erreferentzia turistiko nagusia da”.

Bisitarien etorrera handi hori oso nabaria da Maroño herrian bertan kokatuta dagoen Guzurtegi jatetxean ere. 1992ko azaroan ireki zituen ateak landetxeak; urtegiaren adin beretsua dauka.

“Askok esaten ziguten erotuta geundela, Maroño munduaren amaieran zegoela, inor gutxi bertaratuko zela honaino”

“Landetxea eta jatetxea irekitzeko lanean ari ginen une berdinean ari ziren urtegiko obrak amaitzen”, gogoratu du Miguel Angel Muguruza Guzurtegiko arduradunak. Amurrion ostalaritzan aritu ostean Maroñon landetxe bat irekitzea erabki zuten; etxea aurkitu eta hau zaharberritzeari ekin zioten. Garai horretan, urtegiko obrako ingeniariekin egin zuten topo bertan. “Gaur egun,  jatetxea dagoen etxea hutsik zegoen urte luzez alokairuan egon ostean. Jantokia dena, ukuilua zen garai batean eta urtegiko ingeniariek erabiltzen zuten bulego bezala”.

1991n Maroñora joatea erabaki zutenean nekez imajina zezaketen turistikoki hain erakargarria izango zenik gerora: “Hona etortzea erabaki genuen herria eta Gorobeleko bistak gogoko genituelako. Askok esaten ziguten erotuta geundela, Maroño munduaren amaieran zegoela, inor gutxi bertaratuko zela honaino”.

Landetxe bat irekitzea zuten hasierako helburu, baina bisitarien etorrera handituz joan ala geroz eta gehiago ziren jantoki txikian bazkaria eskatzen zutenak eta negozioaren norabidea aldatu zuten. Gaur egun landetxe izaten jarraitzen duen arren jatetxea da ezagunena. “Bisitarien uholdea 2000. urtetik aurrera hasi zen. Ahoz aho hasi zen zabaltzen leku ederra zela, eta gaur egun esango nuke milaka direla urtean zehar urtegia bisitatzera datozenak”, azaldu du Muguruzak. “Uraren ertzean parrillak eta merenderoak jarri zituzten gerora, eta horrek askoz jende gehiago animatu du ingurunea ezagutzera”.

“Era guztietako bisitariak dira Maroñok erakartzen dituenak”, adierazi du Enrique Arberasek. “Arrantzaleak, familiarekin edo lagunekinparrillada bat egitera datozenak, paseo bat ematera datozenak, hegaztiak ikustera..”. Pandemia garaian merenderoaren inguruan 100 auto baino gehiago elkartu izan direla azaldu dute bizilagunek, baina oro har inguruko herriei zein biztanleei aparteko kalterik sortzen ez dioten bisitariak direla nabarmendu dute. “Arazoren bat egon da inoiz oso azkar gidatzen duen jendearekin, eta zabor pilaketa demasa izan da batzuetan, baina uste dut biztanle gehienek begi onez hartzen dituztela bisitariak” adierazi du Arberasek. “Uste dut inbadituagoa sentizten naizela ni biologo bezala beste bizilagunak baino”.

Bai Muguruzak zein Arberasek bisitarientzako azpiegitura gehiagioren beharra ikusi dute, hala nola urtegia inguratzen duen paseo bat errepidetik joan behar ez izateko, inguruak duen bidibertsitate aberatsa erakusten duen informazio panelen bat... Biodibertsitatearen zaintzan ere arreta eskatu du Arberasek: “Nire ustez hor dago erronka nagusia, hemengo biodibertsitatea kontserbatu eta kudeatu behar da, eta uste dut oraingoz utzikeria dela nagusi”.

Etorkizunera begira

Bisitak joan bisitak etorri, egun batetik bestera ur-masa handi batekin bizitzen ikasi zuten herritarrak bizi dira urtegiaren inguruan. “Maroñoko urtegiak mapan jarri ditu Maroño bera, Agiñiga, Madaria eta Salmanton. Errepidea hemen bukatzen zen, oso jende gutxik ezagutzen zituen herri hauek. Urtegirik gabe Lejartzu edo Erbi bezalako herri ezezagunak izango ziren”, azaldu du Arberasek.

“Leku pribilegiatu batean bizi gara, hau babesteko aktibo soziala izan behar du gutako bakoitza”

Ezagun izateak, ordea, ez ditu herri hauek landa eremuan gertatzen ari den despopulazio prozesuetaz libratzen: “Abeltzaintza ustiategi kopuruak behera egin du Maroñon eta Agiñigan, eta Madarian ez da bakar bat ere geratzen. Salmantonen  dago indarra soilik”. Zorionez, hiriguneekin ondo konektatutako herriak dira, eta Agiñigan, esaterako, dinamika komunitario interesgarriak jarri izan dituzte abian herria kulturalki eta sozialki suspertzeko.

Arberasek landa inguruetako bizi eta kontsumo ereduak aldarrikatu ditu, herri eta paisaia ikusgarri hauen kontserbazioa bermatzeko: “Leku pribilegiatu batean bizi gara, hau babesteko aktibo soziala izan behar du gutako bakoitza”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide