Pandemiak bi urteko hutsunea utzi eta gero, San Isidro Azokak Arespalditza beteko du berriro. Nekazaritza eta abeltzaintza hizpide duen egitasmoa 8:00etan hasiko da Pirinioetako Behi Arrazako VI. Txapelketarekin. Sari banaketa 13:30ean egingo dute.
Behi mota horiek ez ezik, bestelako abereak -ahuntzak, ardiak, astoak, eskualdeko oiloak , untxi erraldoiak...- ere ikusgai egongo dira 9:30etatik aurrera, baita tokiko produktuak eta makineria ere.
Umeentzako eskaintza
Haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte 11:00etatik 14:00ak arte eta, gainera, antzezlana ere egongo da 12:00etan, Yijaaa izenekoa.
Erakusketak eta totemak
Bestalde, zeharkako gai garrantzitsuak landuko dituzte goiz osoan. Landa eremuko emakumeen egoera islatuko dute Euskadi-Cuba elkartearen eskutik, Euskal Herriko zein Kubako esperientziak jorratuz. Arespalditzako Gizarte Etxean egongo da ikusgai erakusketa.
Animalien erakustaldia, umeentzako ekintzak, gastronomia eta berdintasunaren zein ingurumenari buruzko erakusketak eskainiko dituzte, herri kirolak ahaztu gabe.
Horrez gain, ingurumenaren garrantzia ere mahai gainean jarriko dute. Bi totem bidez azalduko dute nola birziklatu behar den. Begirale bat ere egongo da goizean zehar, gaiari buruzko zalantzak argitzeko.
Liztor asiarraren inguruko beste erakusketa bat ere aurkeztuko dute, kontzientzia sortzeko espezie inbaditzaile horren presentziaren kontra.
Azken txanpa
12:00etako mezaren ondoren, tokiko produktuak dastatzeko parada emango dute txosnan 13:00etan. Ordu erdi beranduago, aldiz, herri kirolek hartuko dute protagonismo osoa.