Aiarako ordezkari politikoek oniritzia eman diote udalbatzan iruzurraren, ustelkeriaren eta eroskeriaren kontrako plan politikoari. Arau hori ardatz izango da udaleko kide ororen jokaeran interes gatazkak ekiditeko. Horrela, tokiko erakundean lan egiten duten pertsona guztiek hirugarrenen interferentzia edo eragin oro saihestuko dute, haien inpartzialtasuna, osotasuna eta objektibotasun profesionala arriskuan ez jartzeko.
Gentza Alamillo alkateak horrela zehaztu du: "ordezkari politikoek, udal-langileez gain, ezin izango dugu onartu, ez zuzenean ez zeharka, oparirik edo onura pertsonalik, ordainketarik, komisiorik edo bestelako onurarik lan profesionalaren esparruan, baina ezta hirugarrenekiko harremanetan edo Udalarekin edozein motatako harremana ezarri nahi dutenekin ere, baldin eta harreman komertzial, profesional edo administratiboetan, publiko zein pribatuetan, eragin desegokia badute”.
Horrez gain, dietei ere erreparatuko diete eta ez dira onartuko behar bezala justifikatuta ez dauden edo onartutako neurrien planean jasotako printzipioetara egokitzen ez diren otordu eta joan-etorri gastuak.
Halaber, planak adierazten du ere barne kontabilitateak Udaleko transakzio guztien kontrola bermatu beharko duela.