Aiarako familia mediku moduan duzun egoera aldatuko da laster, ezta?
Bai, tamalez, ezin dut azalpen gehiegi eman, ez baitakit ezer. Osakidetzakaldaketa proposatu du, hemengo eta Artziniegako mediku eta erizainek eskatu gabe. Zehazki, Aiarako paziente kupoa bitan banatuko dute. Gutxi gorabehera 1.800 osasun txartel daude eta 900 txarteleko bi kupo egingo dituzte.
Esan behar dut etorriko den medikuarekin behin egon naizela eta itxura oso ona duela; gaztea, primeran prestatuta familia medikua izateko eta atsegina. Kontua da bera ekainaren 6an hasiko dela lanean eta ez daki ezta non egingo duen, Arespalditzan edota Luiaondon. Ez daki zenbat paziente izango dituen, ez ezer.
Horrela ezin da ezer antolatu. Nik egun gaixo terminalak ditut, edo gaitz anitzak dituztenak, Olabezarren, Maroñon edota Salmantonen bizi direnak. Interesgarria litzateke, gutxienez, euren betiko medikua etxera joatea agur esatera. Edo niri ematea aukera euren medikua izateko euren azken eguna heldu arte, baina ez dakigu zer gertatuko den, ez daukat informaziorik.
Zer aldaketak suposatuko dizkio honek pazienteari?
Printzipioz, ezer ez. Zerbitzua eskura izango dute orain arte bezala, agian azkarrago. Horrek, ordea, ez du esan nahi hobekuntzarik egongo denik. Profesionalentzat ahultasuna ekarriko du. Kupoak txikiagoak direnez, patologia gutxiago ikusiko ditugu.
Hau da, gaixotasun bat agertzen bada pertsona bakarrean 5.000 herritarren artean, litekeena da 900 paziente duen mediku batek gaitz hori behin ere ez ikustea bere bizitza profesionalean. Horrek ere eragin dezake horrelako kasu bat agertuz gero, tratatzeko gaitasunik ez izatea, oso gaixotasun zehatzak ikusiko baitutu medikuak bere ibilbidean. 'Superespezializazioa' porrotera eramaten gaituen eredua da, alegia.
Dena den, zuk agurra egin duzu sare sozialen bitartez.
Bai, ez dakit Arespalditzan egongo naizen, edo Luiaondon. Edonola ere, baldintza berriak agian ez dira erakargarriak niretzat. Nik familia medikua izan nahi dut eta Aiaran. Duela ia 20 urte ezagutzen ditudala herritarrak, eta hori aberasgarria da.
Hain zuzen, ikerketek probatu dute mediku batek 15 urte baino gehiago ematen dituenean postu berean, heriotzak %30 murrizten direla. Ez da iritzia, ikerketek erakutsi eta neurtu dute hori.
“Pandemiako une latzenetan probatu genuen gure zerbitzuak funtzionatzen zuela, ez da ulergarria aldatzea”
Ez dut ulertzen. Pandemiaren une gogorrenetan probatu genuen gure zerbitzuak funtzionatzen zuela, eta bat-batean, erabaki dute bitan zatitzea. Ez da ulergarria, are gehiago, 200 kupo daudenean Osakidetzan familia medikurik gabe.
Gure kupoak oso datu onak ditu; eta, pandemiako garai latzenetan, gure 1.800 pazienteei zerbitzua eman ez ezik, Amurrio eta Artziniegakoak ere lagundu genituen.
Kupoa banatzeko erabakiak tristura eta angustia sortu dizkit.
Baina, kanpotik, badirudi albiste ona dela paziente gutxiago ikustea.
Kupo txikia edo handia izan, beti ikusiko dut paziente kopuru bera. 100 hitzordu izango ditut egunero. Demagun horietako 80k mediku familia beharko dutela eta beste 20ak izapide burokratikoak betetzea. Edo alderantziz, 20 izango dira osasunari lotutakoak eta beste 80 burokraziara. Finean, hitzordu kopurua ez da aldatuko.
Agenda beti egongo da beteta, gakoa da zerekin betetzen dugun: jendeak nahi duenarekin edo jendeak behar duenarekin. Osasun publikoa kontsumo produktu gisa eskaintzen baduzu, 200 herritarren kupoa hobea da. Baina horrela ez da osasuna hobetzen, soilik kontsumitzen dira hitzorduak.
Argi esateko, kupo txikiek ez dute osasun publiko hobea sortzen. Inondik inora. Hori ikertu da. Alegia, kupoak burokratizatzen dira eta ez dira eraginkorrak. Denbora galtzen da osasun esparruan ez dauden gaiekin.
Bestelako antolakuntza ereduak behar ditu Osakidetzak, zeinetan medikuek diagnosietan eta tratamenduan lan egiten duten, erizainek osasun hezkuntzan eta administrariek burokrazia kentzen, medikuek euren lana egin dezaten, paperekin denbora galdu ordez. Hori zenbatua dago, familia medikuen jardueraren %30 burokrazia hutsa da. Hori eraginkortasun eza da.
Nola biziko naiz ni 900 pazienteko kupoarekin? Primeran. Oso lasai.
“Familia medikuen jardueraren %30 burokrazia hutsa da, eraginkortasun gabekoa”
Arazoa da hori ez dela nik nahi dudana familia mediku gisa. Ez dut familia medikuntza ikasi eta ez naiz Aiarara etorri ondo bizitzeko helburuarekin. Nire nagusiek ez dute ulertzen zergatik kexatzen naizen, baina ni familia medikua, bi mediku egoiliar ditut eta laster beste bat etorriko da. Horiek trebatzeko pazienteak eta gaixotasunak ezinbestekoak dira. Ez ordea, inprimakiak eta estatistikak ordenagailuan betetzea. Mediku horiek guztiek denbora, pazienteekin harremana izatea eta hauek tratatzea dute beharrezko; gaixoak beste aditu batengana ez bidaltzeko.
Nik herritarren arazoak konpondu nahi ditut, ez McDonaldsen bezala kontsumitua izatea, horrela eskaintzen zaiolako jendeari.
Hala ere, argi gera dadin, zu ez zaude bitarteko gehiagorekin lan egitearen kontra?
Inondik inora. Ez nago bitarteko gehiagoren aurka. Onuragarria da unitatean medikuak egotea, funtzio bereiztuekin, jarduera komunitarioan edo gaixotasun anitzak dituzten pazienteekin. Baina kupo txikiak egiteak ez die onurarik ekarriko Artziniegako mediku diren Mari Jose, Eneritz edo Amaiari. Eurek presio bera izango dute. Hori ez da jasangarria.
Ez dut ulertzen helburua, eta ez didate komunikatu. Etorriko den medikua oso ona dela uste dut, eta unitatea aberastuko du ziur, baina denbora galduko du hemen. Alegia, oso mediku ona eta trebatua izango dugu denbora galtzen osasun kolektiboa hobetu gabe.
Nire buruzagiei esan diet behin baino gehiagotan, baina nire iritziak, antza, ez du ezertarako balio, landa eremuko mediku soila bainaiz.
Jarrera horrek zer sortu du zure nagusien aurrean?
Zaila da ulertzeko, antza. Gerenteak esan dit arraroa naizela. Arraroa naiz familia medikua izan nahi dudalako? Arraroa naiz pandemia garaian protokoloekin borrokatzeagatik; ez nituelako COVID gaixoak Amurriora bidali nahi, nik aurretik hauek ikusi gabe? Arraroa naiz gaixo bat traumatologora ez bidaltzeagatik nik proba bat egin gabe? Edo gaixo terminalak azken eguneraino artatzeagatik?
Nik uste dut maiteminduak gaudela gure lanarekin, eta uste dut horregatik kaltetu nautela. Ez dakit nire agurra kupoaren erdiarena izango den, edo behin betikoa.
Ez dauka zentzurik Aiaran kupoa erdira murrizteak eta Amurrioko edo Artziniegako lankideek berdin jarraitzea, presio berarekin eta lanez gainezka. Eurei ez die eragingo, unitatea ez da bere osotasunean indartuko.
"Nola biziko naiz ni 900 pazienteko kupoarekin? Primeran. Oso lasai. Arazoa da hori ez dela nik nahi dudana familia mediku gisa. Ez dut familia medikuntza ikasi eta ez naiz Aiarara etorri ondo bizitzeko helburuarekin"
Zure ezinegona profesionala bada, baina igartzen da pertsonala ere badela, ezin izango dituzulako zure pazienteak agurtu.
Bai, hala da. Egun, ekainaren 1ean, Aiarako familia medikuak ez dauka informaziorik herritarrei emateko, nahiz eta hemen ia 20 urte igaro. Bost egun falta dira aldaketa oso garrantzitsua gertatzeko eta nik ez daukat ezer azaltzeko. Oso tristea da eta ezinegona sortzen dit.
Horrela nenbilen azken boladan, eta azkenean eztanda egin dut sare sozialetan, jendea agurtzeko gutxienez. Esperientzia ahaztezinak izan ditut eta ez dut aukera izango ezta agur esateko ere. Bide batez, azpimarratu nahi nuen nik ez dudala aldaketa hau eskatu.
Agian baten batek pentsatuko du berarekin hotzago portatu naizela azkenaldian, baina ez da herritarrekin erreta nagoelako, baizik eta Osakidetzarekin ez nagoelako ados.
Nire lana bokaziozkoa da, mediku egoilarrekin egiten dudan lana boluntarioa da, ez dut kobratzen ezer, baina niretzat garrantzitsua da eurak lanarekin maitemintzea eta ikastea nola tratatu pazienteak. Arratsaldez mediku egoilarrak trebatu ditut doan eta hitzaldiak eman ditudanean herritarren aurrean, horrela egin dut.
Ni saiatu naiz pazienteak ahalduntzen eta medikuak trebatzen, eta hori oztopatu du Osakidetzak. Ondorioz, txarto sentitzen naiz eta pentsatzen ari naiz agian heldu dela unea Aiaratik joateko. Uste dut pazienteek ez dutela merezi erreta eta triste dagoen medikua. Herritarra ezin da kaltetua izan. Behin egoera egonkortzen dela, erabakia hartuko dut nire pazienteen onurarako.
“Nik ez dut aldaketa hau eskatu”
Zeren arabera izango da erabakia?
Kupo erdiarekin ikusten badut lana eraginkorra ez dela, eta ez dela atsegina bokaziozko familia mediku batentzat, nik ez dudalako bat egiten helburuekin, paziente bakarra kaltetu baino lehen joango naiz. Kasu horretan Etengabeko Arreta Gune batean egotea eskatuko dut .
Baina horrek suposatu luke hogei urtetan eraikitakoa galtzea.
Bai. Oso etzigarria litzateke, porrota. Ni saiatu naiz profil ezberdinak ahalduntzen, guztiok pazienteen onurarako lan egiteko helburuarekin. Hau da, pazienteei behar zutena eman diet, ez nahi zutena. Zer esan nahi dut horrekin? Analisi batzuetan agertzen diren izartxoak azaltzeko ez da beharrezkoa anbulatoriora etortzea, telefono dei baten bidez egin dezakegu. Min abdominala baduzu, ordeam ekografia egin beharko dugu hemen.
Eredu hau garatzeko ikerketa proiektua sortu genuen Aiaran duela hamar urte, eta Osakidetzara zabaltzen saiatu gara.
Uste dut porrota sentsazioa dela nire ezinegonaren jatorria. Horregatik, agian garaia da jende gazteagoari lekua uzteko. Funtzionarioa naiz eta herritarren zerbitzura nago.