Laugarren aldiz, erabakitzeko eskubidearen aldarri bilakatu da Oletako trikuharria. Izan ere, Gure Esku herri ekimenak bilkura antolatu du gaur bertan. Goizean goiz Amurrioko Juan Urrutia plazatik eta Etxaurreneko baselizatik abiatu dira martxan Oletako landetara arte. Bertan, ekitaldia, herri kirolez eta bazkariaz gozatzeko aukera izan dute.
Uztailaren 2an, Assemblea Nacional Catalana eta Federació d'Entitats Excursionistes de Catalunya erakundeekin batera egingo duten 'Piriniotako bidea' ekimena indartzeko baliatu dute hitzordua. Pirinioetako 300 gailur argiztatzean datza erronka, eta Aiaraldeko bizilagunak Urepeletik gertu dagoen Adi mendira igoko dira.
Autobusak 14:00etan abiatuko dira uztailaren 2an Laudio, Amurrio eta Urduñatik. Antolatzaileek 21:00etarako espero dute Adi mendiko tontorrean egotea, orduan egikarituko baita Pirinioak alderik alde zeharkatuko dituen egitasmo masiboa.
Argazkiak: Jose Mari Gutierrez Angulo