Aiara BTT lasterketak ia 500 txirrindulari batuko ditu berriro larunbatean

Aitor Aspuru Saez 2022ko eka. 21a, 17:00

Ibaguengo kirolgunean izango du abiapuntua lasterketak. / Aiara BTT

Aiara BTT mendi bizikletako lasterketa izango da larunbatean eta Arabako Txapelketa lehiatuko da. 490 txirrindularik eman dute izena jadanik antolatu diren ibilbideetan parte hartzeko.

Larunbatean 09:00etatik aurrera hasiko da Aiara BTT lasterketa Ibaguengo kirolgunean, Zuhatzan. Iaz bezala, ia 500 kirolarik eman dute izena proban eta Arabako Txapelketa egongo da jokoan. Halaber, Espainiako Txirrindularitza Federazioak antolatzen duen XCM K.5 Txapelketarako puntuagarria izango da ibilbidea.

Edonola ere, ekimenaren helburua ez da soilik txirrindulari federatuen parte hartzea. Horregatik, hainbat irteera ordu egongo dira:

  • 09:00etan Arabako Txapelketan eta XCM K.5 Txapelketan aritzen direnak aterako dira
  • 09:10ean maratoia egingo duten zikloturisten txanda helduko da
  • 09:20an maratoi erdia beteko duten txirrindularien eta bizikleta elektrikoa baliatuko dutenen ordua izango da

Ibilbide luzea 60 kilometrokoa izango da eta 1.900 metroko desnibela proposatuko die kirolariei. Bortaun, Pagonabarra eta Garondo mendien gainak zeharkatuko ditu. Maratoi erdiak, aldiz, 30 kilometroko eta 1.000 metroko desnibela izango du eta Bortaun eta Pagonabarra igaroko ditu.

Antolakuntza lanean aspalditik badago ere, ostiralean mugimendua sumatuko da Etxaurren Ikastolako inguruetan, dortsalak banatzen hasiko baitira 19:00etatik 21:00ak bitartean. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide