Aiara BTT mendi txirrindularitza probak 350 kirolari erakarri zituen larunbatean Ibaguengo kirol gunera. Eguraldia euritsua izan arren, irteera puntuan pilatu ziren parte-hartzaileak eta txandaka abiatu ziren: ibilbide luzekoak eta proba federatukoak batetik, ibilbide ertainekoak eta bizikleta elektrikoak erabili zituztenak bestetik.
Eguerdian amaitu zen proba, eta podiumean toki garrantzitsuak hartu zituzten eskualdeko kirolariek. Izan ere, Julen Latorre eta Mikel Guaresti izan ziren lehen bi sailkatu orokorrak. 03:16:14 izan zen Latorreren marka eta segundo eskasera zeharkatu zuen helmuga Guarestik.
Gauzak horrela, Latorre izan zen irabazlea Elite kategorian eta Guaresti Sub-23an. Guarestiren atzetik sailkatu ziren Arkaitz Larrieta eta Peio Aldama Kobacycling eta Kuskumendi taldekoak.
Latorre, gainera, Eliteko Arabako txapelduna izendatu zuten. Halaber, hirugarren postuan geratu zen David Hidalgo Kobacyclingekoa.
Arabako Sub-23koen artean, Guaresti izan zen onena eta Aldama bigarren. Master 40 mailan Iban Martin Kibacyclingeko kideak amaitu zuen txapeldun eta Javi Santos hirugarren.
Argazkiak: Aitor Aspuru, Aiara BTT taldea