Irailean irekiko ditu ateak Euskal Autonomia Erkidegoko lehen 'burbuila-ostatuak', non eta Salmantonen. Iñigo Arza gazte laudioarrak garatu du proiektua, bere familiaren landetxeko lurretan. Burbuila formako bi azpiegitura ari dira eraikitzen bertan uneotan. “Oinarriak eta estrukturak eginda daude dagoeneko, baina altzariak, lorategiko elementuak eta beste hainbat kontu garrantzitsu falta dira”, azaldu dio Arzak Aiaraldea Komunikabideari.
Hala ere, atzo bertan ireki zuten erreserbak egiteko aukera, landetzearen webgunean. Izan ere, abuztuaren 30ean ireki nahi dute lehen burbuila, eta irailaren amaieran bestea. “Saiatuko gara lehenago egiten, baina ez ditugu eskuak harrapatu nahi”.
‘Sua’ eta ‘Ura’
‘Sua’ eta ‘Ura’ izenak jarri dizkiete bi burbuilei. “Lehenak logela, komuna eta egongela ditu. Bigarrenak, aldiz, ez du egongelarik, baina logela handiagoa da”, zehaztu du Iñigok, “horrez gain, jacuzzia, lorategia eta teleskopio bat ere dute ostatuek. Gorobel eta Ungino ikusten dira bertatik, baina burbuilak ezin dira kanpotik ikusi, bezeroen pribatasuna bermatzeari begira”.
Arzak kontatu duenez, duela hiru urte ekin zion egitasmoa garatzeari, baina orain arte luzatu da prozesua, “baimen eta tramite kontuengatik batez ere”.
Beste bezero mota bat
Bezeroa naturatik ahalik eta gertuen egotea da burbuilen xedea, “baina luxuzko zerbitzua bermatuta”. Ildo horretan, Arzak uste du azpiegitura berriek beste bezero mota bat erakarriko dutela landetxera. “Orain arte talde handiak etorri dira, asteburu oso bat edo astebeteko egonaldiak egitera. Burbuilak, aldiz, egun bakarreko esperientziak izango dira seguraski, garestiagoak direlako. Gaitasun ekonomiko ertain-altua duten gazteei bideratuak daude, edo okasio berezi bat ospatu nahi duen orori”.