EH Bilduk eta Aiara Batuzek mozioa sortu dute eukaliptoaren landaketa ekiditeko

Erredakzioa 2022ko ira. 7a, 15:30
Eukaliptoen presentzia mugatu nahi dute EH Bilduk eta Aiara Batuzek.

Aiarako Udaleko oposizioko alderdiek testua proposatu dute udalbatzan eztabaidatzeko. Horren helburua da eukaliptoen landaketak etetea, gutxienez, Arabako Foru Aldundiak horri buruzko araudia sortu arte.

EH Bilduk eta Aiara Batuz-ek mozioa erregistratu dute eukaliptoen landaketa berriak eragozteko luzamendua ezartzeko. Irizpide hori Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean islatu beharko litzateke, behin betiko onartzen denean. 

Oposizioko taldeek neurri hori proposatu dute indarrean egon dadin Arabako Foru Aldundiak, basogintzako administrazio eskudunak, eukaliptoaren erabilera lurralde osoan arautuko duen araudia ezarri bitartean.

Eukaliptoaren presentzia 13 aldiz biderkatu da Aiaran azken 10 urteetan

Eukaliptoaren zabalpen kezkagarria

EH Bilduk eta Aiara Batuzek adierazi dute: "Zuhaitz horren hedapen gero eta handiago eta geldiezinak aldaketa handia eragin du Aiaraldeko iparraldeko paisaian, bertan kokatzen baitira egurraren ekoizpen intentsiboko mendiak". Datuekin egiaztatu dituzte hitz horiek; azken 10 urteetan Aiaran bakarrik okupatutako azalera 13 aldiz biderkatu da, 523 hektareatara iritsi arte.

Onura pribatua onura publikoaren kontra

Testua proposatu duten alderdiek ez dute zalantzan jarri eukaliptoek mozkinak sortzeko aukera dutenik, baina azpimarratu dute onura horiek pribatuak direla eta kalteak, adiz, publikoak: biodibertsitatean, paisaian, lurzoruaren emankortasunean, uraren zikloaren erregulazioan eta abarrean eragiten baitute.

Horrez gain, salatu dute: "Eukaliptoaren ustezko karbono-bahiketa ez da hainbestekoa egurraren xedea aztertzen badugu: erabili eta botatzeko papera, eskuoihalak, etab. Bere bizi-zikloak ez du laguntzen klima-aldaketa arintzen".

Bizkaiko eta Gipuzkoako egoerak

Oposizioko alderdiek azaldu dute Bizkaian eta Gipuzkoan neurriak hartu dituztela eukaliptoaren arazoari aurre egiteko: "Bizkaiaren kasuak, 2025eko abenduaren 21era arte debekatuta dago landatzea, aldi horretan landaketak antolatu arte. Gipuzkoaren kasuan, baso-espezie guztiak mozteko debekua ezarri da, landatzen direnetik 25 urte igaro arte".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide