Emakumeen Gela, Arespalditzan kokatuta dagoen lokala emakumeen beharretara bideratzeko, duela bost urte ireki zuten eta efemeride hori gogoratuko dute igandean. Izan ere, Arabako lurralde historikoan irekitzen den ezaugarri horietako lehen tokia izan da. Espazioa erabili da bilerak egiteko, liburutegi feminista bere gain hartzeko, emakumeen ekintzetan baliatzeko -Azaroaren 25ean zein Martxoaren 8an- edo erakusketak jartzeko, eta horrela jarraituko du.
Hori guztia aintzat hartuta, igandean goiz osoko egitaraua izango dute. Jarduera 11:00etan hasiko da Aiaraldeko Batukada Feministaren ongietorriarekin. Horren ostean, Emakumeen Gelaren bost urteei buruzko bideoa proiektatuko dute eta 11:30ean umeentzako zein nagusientzako tailerrak eskainiko dituzte, txapak eta kamisetak egiteko, besteak beste. Horrez gain, escape room bat egongo da eta Laura Guerrero Luiaondoko artistak erakusketa inauguratuko du, Mundu honetako loreak izenburuarekin. Guerrerok hainbat collage osatu ditu horretarako.
13:00etan sare morea egingo dute parte-hartzaile guztien laguntzarekin eta Etxaurren Ikastolako ikasleen marrazkiak eskegiko dituzte. Azkenik, Virginia Imazek klown ikuskizun umoretsua eskainiko du.
Interesdunak 686 58 78 89 telefono zenbakiarekin jar daitezke harremanetan, bertaratzen direnentzat kamiseta egongo baita.