SARAI GANDARIAS GORDON

“Atezain moduan ziur aritzen naiz esparru guztietan eta aldagelan txantxazalea naiz”

Aitor Aspuru Saez 2022ko ira. 27a, 07:00
Alavesen aritu baino lehen Amurrio Etorkizuna taldean, Altzarraten eta Ugaon jokatu du Gandariasek. / Aiaraldea.eus

SARAI GANDARIAS GORDON (Luiaondo, 2007) Gaztea goranzko ibilbidea egiten ari da futbolaren munduan. Eskualdeko zenbait taldetan ibili ostean, Alaves klubera heldu zen eta 15 urterekin debuta egin du filialarekin.

Jadanik egin duzu debuta Alaves taldeko filialean, nola izan da hori?

Udan hasi nintzen Alaveseko bigarren taldearekin, nahiz eta kadete kategoriako jokalaria naizen. Hain zuzen, euren atezain titularrak lesioa izan zuen eta filialean behar ninduten. Liga hasi behar zen aste berean, filialeko beste atezaina ere lesionatu zen. Egia esanda, mina zuela esaten zuen aurretik, baina medikuek aztertu zutenean, ikusi zuten lesioa zuela. Ondorioz, ni izan nintzen atezaina Eibar C-ren kontra.

Nola hartu zenuen egoera aldaketa hori, bat-batean atezain titularra izatea?

Ba apur bat urduritu nintzen, jakina. Alavesera heldu nintzenean ez nuen uste 15 urterekin filialean jokatuko nuenik. 
Are gehiago, ez nekien 15 urterekin posible zenik Euskal Ligan jokatzea. 

Orduan, filialean arituko zara denboraldi honetan?

Printzipioz, nire taldea kadeteen kategoriakoa da, baina filialean, Euskal Ligan, ere jokatuko dut beharra dutenean. Kadete kategorian ez dugu txapelketa hasi, aldiz, Euskal Ligan partida bat irabazi dugu eta bestea galdu. 

Nola bukatu duzu Alavesen? Zer ibilbide egin duzu orain arte?

Amurrioko Etorkizuna talde mistoan hasi nintzen, bi denboraldiz Altzarraten jokatu nuen eta beste bat Ugaon.
Gero Alavesek deitu ninduen, atezaina behar baitzuten. Joan nintzen probak egitera duela hiru denboraldi eta hartu ninduten. Hau da nire laugarren denboraldia. Aurreko denboraldian lortu genuen liga irabaztea. 

Ohitura aldetik, hiru egun entrenatzen dugu astero Gasteizen eta partida bat jokatzen dut. Denboraldi honetan agian bi izango dira astero, kadeteekin eta filialarekin egongo naizen bitartean.

Eta filialean zein da helburua?

Printzipioz, xedea da liga irabaztea eta maila igotzea.

Ezberdintasun handia dago kadeteen eta filialaren artean?

Kadeteok 13 eta 15 urte bitarteko adina daukagu, eta filialean 15 eta 25 urte bitartekoak dira jokalariak. Guztiekin moldatzen ari naiz ondo.

Ezberdintasunak anitzak dira, hasteko nire jatorrizko taldean gorputz txikiak ditugu oraindik eta filialean jokalariak handiak dira. Filialean estrategia eta taktika ere gehiago lantzen da. 

Alavesen jokatzen duzunetik, nabaritu duzu hobetu duzula?

Zaila da esatea. Aurreko denboraldianzortziko futbolean jokatu genuen. Hau da, zelaia txikia zen eta baita atea ere. 
Horrez gain, Ugao uztean nabaritu nuen egoera oso bestelakoa zela Alavesen, jokatzeko modutik hasita.

Entrenamenduak landuagoak dira eta aurreko taldean ez bezala, atezainen entrenatzailea dago Alavesen. Guk eskatzen dioguna lantzen dugu eta berak ere ariketak proposatzen dizkigu, guk hobetzeko.

Egunero egiten ditugu gauza ezberdinak. Dena den, entrenatzaileak esan dit ondo moldatzen ari naizela atearen neurri berrietara.

Atezain moduan, zein ezaugarri duzu nabarmentzekoa?

Oinekin oso ondo jokatzeko dut eta segurtasun handia daukat. Ziur aritzen naiz esparru guztietan. Aldagelan txantxazalea naiz, gogoko dut giro ona egotea. 

Helburua jarri diozu zure buruari aurten?

Ahal badut, filialeko postu titularra borrokatzea, baina, printzipioz, filialean bigarren atezaina naiz eta kadeteetan lehen atezaina. Ahal badut, bietan egongo naiz. Momentuz, filialarekin entrenatzen dut eta kadeteek ondo hartu dute hori. Epe ertainean eta luzean ez dut ezertan pentsatzen, soilik jolastean. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide