Urte ugari daramatzazu argazkilaritzaren munduan sartuta, baina hau da zure bakarkako lehen lana.
Pandemia garaian hasi nintzen. Argazkilaritzan aritzen naiz, baina konfinamenduan ezin ginen atera. Fotomuntaiak egitea ere oso gogoko dut. Bi aldiz irabazi dut Aiarako jaietako kartel lehiaketa.
Bestelako praktika batzuk bilatzen nenbilen Instagramen, collage digitalarekin topo egin nuenean. Baditu ezberdintasunak fotomuntaiarekiko. Collagean ez du horrenbeste axola erabiltzen diren irudiek jatorri ezberdina dutela sumatzeak. Irudi serie bat osatu nuen, botanikarekin erlazionatutakoa, eta gustatu egin zitzaidan. Landareen irudi zaharrak, vintageagoak, baliatzen ditut. Horrelako elementuak emakumeok irudiekin nahasten hasi nintzen, emakumea naizelako.
Modu horretan, hainbat ideia batzeari ekin nion: emakumeen eta landareen irudiak uztartzen hasi nintzen, baina ukitu pertsonalago bat gehituz, zer den emakumeen pentsatzen duguna, zer den buruan duguna (gure desioak, kezkak…). Gauzak hala, sentimendu eta behar horiek islatzen saiatu naiz irudietan: osasuna, ongizate fisikoa, buruan ditugun labirintoak, buru-osasuna, heriotza, maitasuna, pasioa… munduko txoko ezberdinetako emakumeak irudikatu ditut, guztiok kezka berdinak ditugula islatzeko. Horrek batzen gaitu, gure egoera soziala, adina edota jatorria edozein delarik ere.
Miren Urrestiri (Aiarako berdintasun teknikaria) planteatu nion erakusketa atontzea, Martxoaren 8aren testuinguruan. Atzeratu behar izan genuen, eta orduan proposatu zidan Aiarako Emakumeen Gelaren V. urteurrena baliatzea erakusketa inauguratzeko. Uste dut polita geratu dela. Urte amaierara arte egongo da ikusgai, abenduaren 31 arte. Bisitak antolatzen saiatuko gara, gela ireki eta jendeak ikusteko aukera izan dezan.
Nolakoa izan zen sorkuntza prozesua?
Irudi batekin hasi nintzen, landareekin uztartzeko, eta funtzionatu zezakeela ikusi nuen. Koloreak eta atzeko irudiak moldatzen hasi nintzen gero. Formatu zehatz bat hautatu nuen serie osoarentzat, irudiak guztiak konektatuak daudela irudikatzeko. Erretratu klasikoen itxura hartu dute, baina bakoitza bere nortasun propioarekin. Hau da emaitza, espero dut jendeak gustuko izatea.
Erakusketa hau proiektu gehiagoren abiapuntua izan daiteke?
Izan liteke. Nirea zaletasuna da, argazkilaritza zaletasun moduan bizi baitut. Ez du bestelako interesetik, gozatzetik harago. Baina atea beti dut irekita, eta elkarlanerako aukeraren bat sortzen bada antzeko interesak dituen beste pertsonaren batekin, ongi etorria izango da.
Baduzu beste proiekturik esku artean?
Ez. Saiatuko gara erakusketa beste tokiren batera eramaten jende gehiagok ikusi dezan, baina momentuz ez dut egitasmo gehiagorik esku artean.
Nola hasi zinen argazkilaritzaren munduan?
Laudio eta Amurrioko helduen ikastetxeetan hasi nintzen, duela urte asko. Nire alabei argazkiak egiteko ohitura neukan, baina ez zitzaizkidan ondo ateratzen. Photoshop erabiltzen hasi nintzen lehenbizi, eta gero egin nuen salto argazki kameraren erabilerara.
Zer nolako bilakaera izan duzu urte horietan guztietan?
Ez naiz argazkilaritza mota zehatz batean zentratu. Gai eta teknika guztiak probatzen ditut, ditudan gogo eta interesen arabera. Horregatik jarraitzen dut zaletua izaten, urte asko daramatzadan arren, estilo ezberdinak probatzen ditudalako. Kaleko argazkilaritza, adibidez, hirietara noanean egiten dut. Begirada heztea da garrantzitsuena, ikusten ikastea. Horretan nabil, etengabeko ikaspen prozesua da hau (barreak).
Baina zure lehen erakusketan collagea erabili duzu. Nola hasi zinen teknika hori erabiltzen?
Argazkilaritza ikastean irudiak editatzeko programak erabiltzen ikasten duzu, eta horrek aukera ematen dizu zure irudiekin edo beste batzuekin jolasteko. Erakusketan erabili ditudanak, adibidez, lizentzia libreko irudi batzuetatik eskuratu ditut. Irudi asko daude eskura, esperimentatzeko eta dituzten aukerak aztertzeko.
Collageak aukera ematen dizu plazaratzeko irudi batean islatzeko zailak diren zenbait ideia. Argazkilari batzuek muntaia ikusgarriak baliatzen dituzte, baina horrek aurrekontu handia eskatzen du. Kalitate maila horietara iritsi gabe, fotomuntaiak aukera ematen dit bururatzen zaizkidan ideiak plazaratzeko, batzuetan zaila delako argazki huts batekin hori egitea, atzetik lan-talde tekniko bat ez badago.