Iñigo Uria izan da Ziklokros Munduko Kopa batean lehiatzen lehenbiziko aiararra. Esperientzia ahaztezina izan da, Aiara Txirrindulari Elkartearen hitzetan: "Asko ikasi du, eta Europako ziklokrosean lehiatzeko behar beste indar duela konprobatu du".
Hala adierazi du taldeak sare sozialetan, bederen. Emaitzei dagokienez, 56. postuan bukatu zuen aiararrak lasterketa. 4 minutu eta 56 segundo atera zizkion irabazleak (Leo Bisiaux izan zen garailea). "Bizikletarekin arazo ugari izan bazituen ere -nerbioak barne- ederki bukatzea lortu zuen", azpimarratu du Aiara Txirrindulari Elkarteak.
Gazteak ere, puntan
Munduko Txapelketa ez da izan, ordea, txirrindulari aiararren zita bakarra asteburuan. Iker Colmenerok Los Corrales de Buelnara jo zuen, eta lehen postuarekin itzuli zen etxera, "Kantabriako Kopako lider izateaz gain". Gainera, Ion Egiak bosgarren amaitu zuen lasterketa bera, "pixkanaka kategorian bere tokia eginez".
Iker Colmenero lider kokatu da Kantabriako kopan, lehenbiziko postuan helmugaratu ostean
Berrizen, bestalde, euskal egutegiaren lehenbiziko hitzordua izan zuen Harri Paskier Lopezek. "Laugarren joatea lortu zuen baina, arazoak medio, 15. bukatu zuen sailkapenean, eta Ekhi Uriarte Leizeak, hamaseigarren".
Azkenik, Mirari Gotxiren emaitza nabarmendu du kirol elkarte aiararrak, bosgarren postua erdietsi baitzuen kadeteen mailan.