Raisa Alavaren irudia eramango du 2023ko Frantziako Tourrak. Ilustratzaile zuhatzarrak oso pozik jaso zuen berria, baina isilpean gorde behar izan du hainbat hilabetez: "Kartela ekainean egin nuen, eta sekretua gorde dut orain arte". Parisen dago uneotan Raisa Alava, aurki etxerako bidea hartuko badu ere: "Parisera etorri gara aurkezpen ofizialera".
Euskal irudigileak elkarteak sustatuko deialdiari esker erabaki zuen Frantziako Tourrerako irudia sortzea: "Lehiaketa edo deialdi zabal bat egin zuten, eta nire proposamena aurkeztu nuen. Bost finalisten artean aukeratu zuten nire kartela". Horrela iritsi da Frantziako Tourreko irudia izatera.
110. Tourra
Ez da izango, gainera, nolanahiko edizioa: 110. urte beteko ditu hurrengo urtean Frantziako Tourrak. Raisa Alavak kartelaren aurkezpenean azaldu duenez, "irudi koloretsuekin mugitzeko gogoa" islatu nahi izan du. Ilustratzaile aiaraldearra ezaugarritzen duen komiki estiloa ere bistakoa da.
"Tourraren aurtengo filosofiarekin bat, berdearen eta mugikortasunaren aldeko mezua islatu nahi nuen, eta kartela ikusten duen edonor kirola egitera edo bizikleta hartzera animatu nahi nuen", erantsi du. EFE agentziari eginiko adierazpenetan, Raisa Alavak euskal ilustratzaileen maila izugarria nabarmendu du, "zoritxarrez, oso gutxi aitortzen dena; jende asko baitabil nazio zein nazioartean oso gauza interesgarriak egiten".
Kolaborazio asko egindako ilustratzailea da Raisa Alava. Besteak beste, The New York Times egunkarirako zein Pikara Magazinerako egin izan ditu lanak. 2021eko Aiaraldeko emakume* sortzaileen azokan ere parte hartu zuen, besteak beste. Bere webgunean zein Instagram kontuan ikus daitezke gaur arte eratutako lanetako batzuk.