Otueta Gizarte Etxeko tabernaren kudeaketa, enkantera

Txabi Alvarado Bañares 2022ko aza. 9a, 06:00

Otueta Gizarte Etxeko azpiegituren kudeaketaz ere arduratuko da taberna. / Aiaraldea.eus

Azaroaren 24ra arte egongo da eskaintzak aurkezteko epea. 

Otueta Gizarte Etxeko tabernaren kudeaketa enkantera atera du Luiaondoko Administrazio Batzarrak. Interesdunek azaroaren 24ra arte izango dute eskaintzak aurkezteko epea, Aiarako Udaletxean bertan.

Hiru gutunazabal aurkeztu beharko dira guztira. Lehenegoan eskaintza ekonomikoari lotutako informazioa sartu beharko da, bigarrenean tabernari buruzko proposamen teknikoa eta hirugarrean dokumentazio administratiboa. Pleguak udaletxera deituz edo j.a.luiaondo@gmail.com helbide elektronikora mezua bidaliz eskuratu daitezke. 

Tabernaren ustiapenagatik ordaintzea planteatzen den zenbatekoa izango da gehien baloratuko dena esleipena egiterako orduan. Planteamendu teknikoak ere puntu ugari jasoko ditu baina, horrez gain, positiboki baloratuko da baita ere tabernaren kudeatzailea edo kontratatuko diren langileak Luiaondokoak izatea. 

Egunero irekita

Hainbat baldintza bete beharko ditu establezimenduaren kudeatzaileak. Taberna irailaren 1etik uztailaren 31era egon beharko da irekita, astelehenetik ostiralera. Lanegunetan 15:00etatik 22:00etara egon beharko da zabalik. Asteburu eta jaiegunetan, aldiz, 10:00etatik 23:00etara eskaini beharko du zerbitzua. 

Hala ere, administrazio batzarrak zehaztu du hori "gutxieneko ordutegia" izango dela, eta lehiaketara aurkezten diren pertsonek aukera izango dutela eskaintza zabalagoa egiteko. Hori bai, gero hori bete beharko dute hautatuak izaten badira. 

Prezioak tabernaren kudeatzaileak ezarriko ditu urtero, eta espazioko toki batean egon beharko dira ikusgai. 

Horrez gain, erabilera anitzeko aretoa, frontoia eta bolatokia ireki eta ixteaz ere arduratu beharko da tabernaria. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide