RAISA ALAVA

“Tourrean sekulako giroa egoten da, horregatik nahi nuen kartela alaia izatea”

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko aza. 16a, 09:28

Raisa Alavak egin du Frantziako Tourreko afixa ofiziala. / Aiaraldea.eus

RAISA ALAVA (Zuhatza, 1990) ilustratzaileak egin du aurtengo Frantziako Tourreko irudia. Ez da nazioartean enkargatu dioten lehenbiziko lana. Lehen lerroan jarri du, ordea, bere marrazkiaren garaipenak. Kolore bizien atzean dagoen bizia azaldu du, hitzen bidez.

Frantziako Tourreko kartela egin duzu. Nola bizi izan duzu prozesua?

Eusko Irudigileen elkartean nagoenez, bertan jaso nuen lehiaketaren berri. Lehiaketa abiatu zuten Tourreko irudia erabakitzeko. Deialdiei adi egoten naiz, eta aurkezteko ohitura dut. Finalista gisa aukeratu nindutenean ez nuen sinetsi kasik, eta azkenean saritua izan da.

Behin saria aitortuta, Tourrekoek aldaketa txiki batzuk eskatu zizkidaten: eguzkia lehen gorria zen, eta japoniarra zenez horitzeko eskatu zidaten; eta Guggenheimen irudia gehitzeko.  Dena den, egia esan, asko errespetatu dute nire lana.

“Uztailean jakin nuen Tourreko kartel lehiaketa irabazi nuela, baina ezin izan dut urrira arte ezer esan, ezta marrazkia erakutsi edo bidali ere”

Zer pasa zitzaizun burutik, halako erronka bat irudikatzea erabaki zenuenean?

Normalean, halako ekimenen kartelak oso serioak eta aspergarriak dira. Tourrean sekulako giroa egoten da, eta irudiek ez dute alaitasun eta bizitasun hori islatzen. Horregatik nahi nuen irudi alaia izatea. Hargatik da horren koloretsua. Mugimendua marraztea asko gustatzen zait, eta nahiz eta txirrindulariaren irudia oso estatikoa izan, lerro eta perspektibekin dinamikotasuna bilatu diot. Horiek izan dira nire osagarri garrantzitsuenak: mugimendua eta alaitasuna.

Kolore bizietara joera dute zure lanek. Komiki estilorako jarioa berezkoa duzu?

Arte Ederrak ikasi nituenean, serigrafiak eta grabatuak landu nituen. Duela 5-6 urte ordenagailuen bidez hasi nintzen koloreekin jolasten: marrazkiak eskaneatu eta ondoren jolasten dut, paperean egindakoa galtzeko ez dagoelako arriskurik.

Zenbat ordu daude Tourreko kartelaren atzean?

Ez asko (barreak). Zirriborro batzuk egin nituen, bost bat. Bat-batean, bidea eta ideia argi ikusi nituen, eta hortik heldu nion marrazkiari. Azken bertsiora iritsi arte zalantzak izan nituen koloreekin, baina bi arratsaldeetan bukatu nuen. Nire ustez, lanak horrela garatzen dira: bidea ikusten duzunean, hasi eta bukatu behar da.

Noiz jakin zenuen sariaren berri?

Uztailean. Momentu hori ahaztezina da: lagun batzuekin nengoen kaletik, eta posta bidez jaso nuen. Alabaina, kontratua sinatzen duzunez, ezin duzu ezer esan, ezta marrazkia bidali edo erakutsi ere.

Sortzaile gisa, zer suposatu du zuretzat nazioarteko aitortza honek?

Inoiz ez dakizu zer etorriko den gure lanean. Nik, lan asko egiten dut nazioartean bestela ere: New York Timeserako lan egin dut, Estatu Batuetan enkargu asko ditut… Lehen enkarguko sentsazio bera da: ez dakizu honen atzetik zer gertatuko den. Eta, nahiago dut horretan ez pentsatu gainera. Ni oso pozik nago: nire etxekoek, herrikoek… oso pozik hartu dute berria, eta oso polita da beraien poza sentitzea, benetakoa baita.

“Maila oso altua dago Euskal Herrian. Ilustratzaile asko daude gauza oso interesgarriak egiten”

Ilustratzaileak kanpoan aitortuak dira, eta etxean ez. Hori sentitu duzu inoiz?

Bai. Diruan oso ongi islatzen da: askoz hobeto ordaintzen dira atzerrian lanak. Tourrarena bezalako faktura bat bizitzan behin soilik jasoko dut (barreak), eta diru horrekin ez duzu ezta Tourreko bizikleta bat ordainduko ziurrenik. El Salto Diariok hobeto ordaintzen du El Paisek baino, esaterako. Gure lanbidean, bezero txikiena ere izan daiteke onena: komunikazio erraza, tratu ona… Dena ez da dirutan neurtzen.  Niretzat bezeroaren izenak baino, tratuak eta lanak dute garrantzia. Hori ikasi dut 2016tik - hasi nintzenetik - gaur arte.

Gaurko ogia, biharko gosea. Erabaki zaila izan zen irudi sorkuntzatik bizitzea?

Bartzelonan ilustrazio eta komikien masterra ikasi nuen, eta orduan erabaki nuen ilustratzaile izatetik bizitzea. Nire lanak Instagramen igotzen hasi nintzen, eta webgunean. Unibertsitatean ez da irakasten hori: zuk bilatu behar duzu bizimodua. Nire kasuan erabaki erraza izan zen: betidanik marraztu dut, gustatzen zaidana hori da. Hau da nik ondo egiten dudana, eta beraz, apustu egitea erabaki nuen. Autonomoa naiz, eta keramika irakaslea.

Lan ikusgarriak egiten dituzue, baina oso ikusezinak zarete.

Bai. Artean gauza asko egiten dira: feriak, azokak… baina beti gaude aurpegi berdinak. Fakultatetik fresko datozenak ikusten ditugu tarteka, begi-zulo gabeak (barreak). Pixkanaka gauzak lortzen ari gara, baina lan asko dago egiteko oraindik.

Garai batean arte galeriak behar ziren lanak erakusteko. Gaur egun, espazio digitalak dira nagusi.

Bai. Maila oso altua dago Euskal Herrian. Ilustratzaile asko daude gauza oso interesgarriak egiten. Interneta da gure eskaparatea. Aldaketa garaia bizi dugu: galeria batera Currikuluma bidaltzea historiaurrea da. Bidea guk bilatu behar izan dugu, baina aukerak, egon badaude. 20 urte barru nolakoa izango ote da gure mundua? Hobe ez pentsatu.

Tourreko kartela besapean, non ditu eskuak edo begiak pausatuta orain Raisa Alavak?

Uneotan bi kartel bukatu berri ditut, eta animazioak ditut esku artean orain (horiek ere egiten ditut). Laster, Mexikora joango naiz, Guadalajarako Liburu Azokara (sekulako ekimena da, milaka lagun elkartzen dira postu ezberdinetan) hitzaldi bat ematera, euskal irudigileen lana ezagutarazteko eta Tourraren esperientzia kontatzera (Euskal Irudigileen kolektiborako sekulako bultzada izan delako Tourreko kartela egitea).

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide