HODEI MUÑOZ

"Europako Ziklokros Txapelketan lehen sailkatuen artean denek zuten kontratu profesionala euren taldeekin"

Aitor Aspuru Saez 2022ko aza. 16a, 15:13
Hodei Muñozen helburua da profesionala izatea. / Aiaraldea.eus

HODEI MUÑOZ txirrindulari aiararra ziklokroseko junior kategoriako elitean ari da lehiatzen eta Europako zein Munduko Txapelketetan neurtu ditu bere indarrak berriki. Proba horiei zein errepideko txirrindularitzari buruz mintzatu da.

Zer moduz Europako Txapelketan?

Ondo, uste dut ondo egin nuela, baina irteeran urduri egon nintzen eta ez nintzen oso ondo atera. Horrez gain, mendi-mazel batean erori nintzen eta eskumuturrean mina hartu nuen. Medikuarengana joan nintzen gero eta esan zidaten ez nuela ezer, baina mina izan nuen lasterketan.

46. sailkatu nintzen Namuren eta uste dut emaitza ona dela. Maila handia zegoen eta nabaritu nuen jende oro oso ona zela. 

Zer nolako lasterketa mota izan zen?

Ez zegoen horrenbesteko lupetzik. Ostegunean joan ginen Belgikara eta ostiralean ikusi genuen zirkuitua. Une horretan lokatzez beteta zegoen, baina lasterketa hasi zenerako guztia lehortu zen eta hori desabantaila da niretzat. Nik nahiago dut lupetzean lehiatzea.

Ikusi dituzu kontuan hartzeko txirrindulariak etorkizunera begira?

Bai, asko. Maila izugarria dago. Lehenengo hamarrek, oro har, kontratu profesionalak dituzte euren taldeetan. Oraindik ez dakit maila horretara heltzeko gai izango naizen. Nik jarraituko dut lanean eta ea zer gertatzen den. Ni saiatuko naiz profesional mailara heltzen, baina ez bada gertatzen, ondo pasatuko dut.

"Europako ziklokros txapelketako lehen hamar sailkatuen artean guztiek dituzte kontratu profesionalak, maila oso handia da"

Ikasketak eta lehiaketa uztartzea zaila da, baina lortzen dut ahaleginarekin. Senideek ondo hartzen dute, baina askotan aita edo ama ezin dira lasterketetara joan eta osabarekin joaten naiz.

Espainiako Selekzioak hautatu zintuen. Zer moduz esperientzia zure taldekideekin?

Oso ondo, oso dibertigarria izan da. Atzerrian Euskadiko Selekzioarekin ere izan dut esperientzia, MaasMechelenera joan baikinen aurreko astean, Munduko Txapelketara. Esperientzia oso ona izan zen, nahiz eta emaitzak txarrak izan. Hain zuzen, erorikoa izan nuen eta bizikleta matxuratu nuen.

Nolakoa izan zen egonaldia MaasMechelen Munduko Txapelketan?

Larunbatean joan eta igandean itzuli ginen. Zirkuitua larunbatean bertan ikusi genuen, hegazkinez heldu eta gero. Gero atsedena hartzera joan ginen eta hurrengo egunean lehiatu ginen, arratsaldean bueltatzeko. 

Zirkuitua oso ezberdina zen, bide zuzen asko zeuden eta zailagoa zen, aldapa ugarirekin. Ziklokrosari garrantzia gehiago ematen diote. Elkarbizitza oso ona izan zen.

Eta Europako Txapelketan?

Kasu horretan ostegunean joan ginen, astelehenean itzultzeko. Egia esanda, ez ginen ia hoteletik atera, ez baitzegoen jenderik gu kontrolatzeko. Ondorioz, gehiena entrenatzen ikusi genuen; monumentuak, adibidez.

Tokia oso polita zen eta zirkuitua ere oso ezberdina zen. Beste motatakoa da, baina indartsu egonez gero, ondo egiten duzu. 

Iaz Euskadiko Txapelduna izan zinen eta gero Espainiako Txapelketako onenen artean egon zinen. Nola kokatzen dituzu Europako eta Munduko Txapelketak zure ibilbidean?

Ikasteko lasterketak izan dira. Junior kategoriako lehen urtean nago eta hurrengoan ikusiko dugu. Uste nuen zailagoa izango zela kategoria honetara moldatzea, baina uste dut ondo egokitu naizela, momentuz gutxienez. 

"Uste nuen zailagoa izango zela Junior kategoriara moldatzea, baina hobekuntza sumatu dut"

Denboraldia hasi zenetik hobekuntza sumatu dut. Errepideko lehiaketetan aritzean, ziklokroseko teknika galtzen duzu, eta gero nekez hasten zara. Orain arte lokatzik ez dugu izan, baina izaten hasten garenean uste dut gusturago egongo naizela.

Indarrean dagoen denboraldian, zer hartu dute kontuan zu hautatzeko?

Gehienbat emaitzak. Espainiako Kopan 3. eta 2. postuak lortu nituen Xixonen. Pontevedran hiru asteburutan jarraian lehiatu nintzen. Espainiako onena izan nintzen, baina Italiako eta Frantziako txirrindulariak etorri zirenez, ez nuen hainbeste puntu lortu, maila asko igo zutelako.

Hemendik aurrera zein da plana?

Taranconen lehiatu naiz asteburuan, gero Alcobendasera joango naiz eta azkenik Xativara, Valentzian. Han izango da Espainiako Txapelketa, eta gero Benidormeko Munduko Kopa. Aukera badago Munduko Txapelketara joateko, ba bikain.

Espainiako Txapelketan ez dut helburu jakina jarri, ondo egin nahi dut eta ikusiko dugu zer gertatzen den.

Lupetza gogoko duzula aipatu duzu. Zeintzuk dira zure indarguneak eta zeintzuk zure ahulguneak lehiatzeko orduan?

Sufritzen dut lokatzean bizikleta hartu eta bizkarrean eraman behar dudanean. Hor galtzen dut, baina bestela ondo moldatzen naiz.

"Hurrengo denboraldiaren ostean ziklokrosa utziko dut, errepidean zentratzeko. Talde on batean egotea da nire helburua"

Errepideko diziplinan zein da zure asmoa? 

Eguzkilore taldeak fitxatu berri nau eta Espainiako Kopan zerbait lortzen saiatuko naiz. Printzipioz, entrenatzerako orduan oso txikia da ziklokrosaren eta errepidearen arteko ezberdintasuna. Berez, ziklokrosean landu behar da teknika, baina fisikoki errepidetik joaten gara. Alegia, ondo moldatzen bazara errepidean, ondo egingo duzu ziklokrosean. 

Nik ia egunero entrenatzen dut Iñigo Uriarekin, biok ziklokros taldekideak gara, baina eskualdeko besteekin ere aritzen naiz, Aiara Txirrindulari Elkartekoekin. Izan ere, nire esperientzia taldearekin ona izan zen eta harremana mantentzen dut. 

Berez, zuk zer gogoko duzu gehiago, ziklokrosa edo errepidea?

Errepidea, zailagoa da, baina gehiago gogoko dut. Gainera, ez diet esprintei beldurrik eta sartzen naiz. Hori bai, igotzea gehiago kostatzen zait, baina ondo igarotzen ditut mendikateak. Hala ere, ez dut nire burua esprinter modua ikusten. Oro har, bietan moldatzen naiz.

Eta zein da zure asmoa etorkizunera begira?

Aurten eta hurrengo urtean egingo dut ziklokrosa eta gero errepidean zentratuko naiz. Agian gero Euskadiko Txapelketan lehiatuko naiz, baina ez dut askoz gehiago egingo. 

Pena ematen dit ziklokrosa uzteak, baina nire helburua da talde on batean egotea (Euskaltel, adibidez) eta horretarako errepidean jarri behar ditut indarrak. Ziklokrosa jolasa da, nolabait esatearren. 

Zeintzuk dira zure erreferenteak txirrindularien artean?

Mikel Landa. Hori da gehien gogoko dudana. Txikitatik ikusten dut entrenatzen hemendik, Urduñan, adibidez, eta gero telebistan ikusteak poztasuna sortzen dit. Hain zuzen, berarekin eskualdean entrenatzea posiblea da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide