Egun osoko jarduera izango du Aiarako Gaztelekuak larunbatean. Izan ere, inaugurazioa egingo dute eta horretarako bi hitzordu prestatu dituzte.
Luiaondoko eskola zaharretan dagoen lokalean eguerdian luntxa egongo da familientzat. Tarte hori baliatuko dute espazio fisikoa ikus dezaten interesdunek, baina baita egitasmoaren nondik norakoak eta irizpideak deskribatzeko.
Arratsaldean, ordea, Gaztelekua nerabeentzako tokia izango da bakarrik. Goizean bezala, mokadua egongo da bertaratzen direnentzat eta ekimenaren filosofia azalduko dute.
Gentza Alamillo alkateak aipatu du lekuak bere lehenengo urratsak egiten hasi dela eta gazteen esku egongo dela Aiarako Udalari eskatzea elementu berriak Gaztelekua erakargarriagoa egiteko.