Aiarako alkate Gentza Alamillok azaldu duenez, “1540tik 1989ra eskuz idatzita dauden Osoko Bilkuraren Akta Liburu guztiak digitalizatuta daude azken bi urteotan”. Urrats horrekin, Aiarako Udalak bere dokumentu historikoak digitalizatzearen aldeko "apustu irmoa" egin duela erakutsi nahi izan du.
Ekimenaren helburua hirukoitza da: alde batetik, dokumentuak eskuragarri jarri dituzte "etorkizuneko belaunaldiek aintzat har ditzaten"; bestetik, digitalizazioari esker dokumentuak manipulatzea saihestu ahal izango dela adierazi du Aiarako Udalak; eta, hirugarrenik, horrek "udal-artxiboko dokumentu-funtsak hobeto kontserbatzen" lagunduko duela aipatu du.
Hori horrela, Udal Artxiboaren dokumentu enblematikoenak digitalizatu dituztela adierazi du tokiko erakundeak, "duten balio historiko, ondare eta informatiboagatik". Esaterako, 1.434an pergaminoan idatzitako dokumentu bat ere digitalizatu dute, Villalba eta bere herrixken eta Aiarako Lurraren arteko Konpromiso eta Prokuzio eta Epai Kritika bat, Gorobel mendilerroaren jabetzari, erabilerari, aprobetxamenduari eta irismenari buruzkoa.
2021 eta 2022 urteen artean bete dute 70 dokumentu digitalizatzeko prozesua. Horien artean daude akta-liburuak, planoak eta bestelako dokumentuak. Digitalizazio lanetan berebizikoa izan den Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren ekarpen ekonomikoa eskertu du Alamillo alkateak.
Dokuklik
Dokumentuok Euskadiko Artxibo Historikoaren webgunean (https://dokuklik.euskadi.eus/) kontsultatu daitezke, 'Dokuklik' izeneko web-atarian sartuta. Bertan, 'Badator Bilatzaile Aurreratua' hautatu behar da, eta irekiko den leiho berrian kontsultatu nahi den Dokumentu Funtsa aukeratu beharko da. Gentza Alamillok "tresna baliotsu hau" erabiltzera animatu ditu herritarrak, "guztiona baita”.