Aiarako Olentzero Solidarioa ekimenak 12 urte beteko ditu igandean Agiñigan. Beti bezala, helburua izango da jostailuak biltzea, gero Amurrioko Laguntza elkarteari emateko, eta horretarako 11:00etan daude geratuak Administrazio Batzarrean bertan.
Olentzero bilatzeari ekingo diote ordu horretan eta Mari Domingik gidatuko du ibilbidea. Herrian aurrera egin ahala, pertsonaia mitologiko gehiago agertuko dira: lamiak, tartalo, basajaun, akerbeltz, galtzagorriak... Gainera, mezu argiak zabalduko dituzte: higienearen, ondo elikatzearen eta laguntza eskatzearen garrantzia, alegia.
Txokolate jana ere eskainiko dute. 24 Elkarteak, Aiarako Biltokia Elkarteak, Etxaurren Ikastolak eta tokiko Administrazio Batzarrak antolatuko dute dena.