Izoriako Administrazio Batzarrak lizitazioa abiatu du eta enpresek abenduaren 22ra arte izango dute tartea eskaintzak egiteko.
Berez, kontzejuak 690.175,38 euroko aurrekontua dauka Ripa eta Aretxa auzuneen artean esku hartzea egikaritzeko. Arabako Foru Aldundiko finantza plana eta Europako Funtsen bitartekoak erakarrita lortu dute dirua.
Lanen helburua da zoladuraren kalitatea hobetzea, guztiz berrituta, eta ibilgailuen eta oinezkoen artean erabilera partekaturako diseinatzea.
Halaber, hornidura berritu behar da, hidranteak sartu, eta saneamendu-sarea berritu, sistema bateratuak hondakin-uren eta euri-uren arteko sistema bereiztu dezan.
Horrez gain, lurperatu behar da kableatua: argiztapen, telekomunikazio zerbitzuen eta energia elektrikoaren sareena.