2024an 27 kilometro izango ditu Nerbioiko parke linealak

Jone Gartzia Gerra 2022ko abe. 19a, 15:18

2022 eta 2024 urteen bitartean Nerbioiko parke lineala amaitzeko eta Maroñoko urtegiaren ibaiertza egokitzeko akordioa sinatu dute gaur Reforren Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Guztira, 3,3 milioi euroko ekintzak bultzatuko dituzte.

Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean Nerbioiko Parke Lineala amaitzeko eta Maroñoko urtegiaren ibaiertza egokitzeko. Jarduketak ‘Aiaraldea Eskualderako Berehalako Jarduera Planeko A8-Ingurumena eta Mugikortasun Jasangarria’ trakzio-proiektuaren esparruan egingo dituzte eta 2024an bukatuko dituzte.

Amurrioko Refor eraikinean sinatu dute akordioa Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak. Bertan izan dira Amurrioko, Laudioko eta Urduñako alkateak eta Aiarako Kuadrillako presidentea, Encina Castresana. Akordioaren sinadura eta aurkezpenaren ostean, Refor ingurua bisitatu dute, bertan egingo diren jarduketen inguruko zehaztapen gehiago ezagutzeko.

Nerbioi parke lineala

Diputatu nagusiak azpimarratu du Nerbioiko parke lineala Aiaraldearren “eskari historikoa” dela, eskualdearen mugikortasunean “ardatz nagusia” baita eta, akordio honekin, “bultzada” eman nahi diotela, 2024ko urte bukaera bitartean amaitzeko konpromisoa hartuta. Egun 15 kilometroko bide berdeak osatzen du parke lineala eta helburua da tarte horretan 27ra luzatzea.

Zehazki, bost zati handitu, egokitu eta hobetuko dituzte: Laudio-Arrankudiaga-Bizkaiarekin konexioa zatia, El Refor-Saratxo Industrialdea zatia, Saratxo Industrialdea-Industrialdera sartzeko bidea zatia, Saratxo industrialdea-Mesones auzoa zatia eta Orduña-Delika zatia.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzak 2.283.169 euro emango dizkio Arabako Foru Aldundiari eta, honek, gutxienez, jarduketa bakoitzaren amaierako benetako kostuaren %15 hartuko du bere gain, 1.036.150 euroko funts-ekarpenarekin. Bi erakundeek azaldu dutenaren arabera, finantzaketa horrekin “akordioaren xede diren esku-hartzeak gauzatzea bermatuko da”.

Maroñoko ibaiertza

Era berean, datorren urtean Maroñoko urtegiaren ibaiertza egokitzeko eta ingurumena lehengoratzeko konpromisoa ere hartu dute, ‘Bide Berdeen sarea zabaltzeko’ ekimenaren barruan. Oinezkoentzako pasealeku bat berreskuratzeko eta begiratoki bat egokitzeko lanak egingo dituzte.

Hitzarmena sinatu duten bi erakundeen arabera, ekintza koordinatuaren helburua hurrengoa da: “Udalerrien eta lurralde historikoen arteko eskualdeko mugikortasuna eta konektagarritasuna hobetzea, mugikortasun jasangarria eta emisioak murriztea sustatuz”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide