Hodei Muñoz Espainiako Ziklokros Kopa irabazteko zorian egon zen igandean

Aitor Aspuru Saez 2022ko abe. 21a, 13:53
Hodei Muñoz asteburuko probetako batean. / rfec.com

Asteburu honetan lehiatu dira Espainiako Ziklokros Kopako azken bi probak eta Hodei Muñozek liderrak baino puntu nabarmen gutxiago zituen larunbatean. Ordea, igandean lasterketak amaitu eta gero, puntu bakarra falta izan zitzaion luiaondoarrari txapelketa eskuratzeko.

Asteburu benetan bizia izan du Hodei Muñoz luiaondoarrak lurralde valentziarretan. Izan ere, MaasMechelenera azaroan joan zenez Munduko Ziklokros Txapelketan parte hartzeko, Espainiako Ziklokros Kopako lasterketa bat galdu zuen eta puntu ugari utzi zituen tintontzian. Hala eta guztiz ere, Muñozen asmoa zen kinka larrian jartzea txapelketako burua eta horrela egin zuen.

Larunbateko hitzordua Xativan izan zen eta Muñozek behin eta berriro egin zituen saiakerak tropela apurtzeko eta ihes egiteko. Hainbat aldiz saiatu eta gero, ibilbidea amaitzeko bi bira falta zirenean, berak eta Gorka Corres arabarrak lortu zuten aurrean jartzea eta luiaondoarrarena izan zen garaipena esprintean.

Carlos Gamez sailkapeneko liderra, ordea, seigarren izan zen eta, horrenbestez, Muñoz hamaika puntura geratu zen. Hortaz, oso zaila bazen ere, hurrengo egunean dena zegoen erabakitzeke.

Igandean Valentzian ia ezina ekinez egina

Igandean Valentziako Nazioarteko Ziklokrosean elkartu ziren irteeran Muñoz eta Gamez, baina ezusteko gonbidatua agertu zen ere: Matthias Schwarzbacher. Eslovakiako txirrindularia bere herrialdeko txapelduna izan ez ezik, Europako Txapelketako zortzigarrena ere izan zen.

Gauzak horrela, proba ez zen hasi ondo Muñozentzat. Lehenengo biran aiararra moztuta geratu zen eta eslovakiarrak, Gorka Corresek eta David Ivarsek ihesaldira jo zuten. Apurka-apurka, luiaondoarra batu zen talde horretara eta azken unera arte lehiatu ziren guztiak. Azken metroetan, Muñozek ausardiaz abiatu zuen esprinta, baina Shawrzbacherrek lortu zuen lehen postuan zeharkatzea helmuga. Horren ondorioz, Carlos Gamezek eraman zuen Espainiako Ziklokros Kopako garaipena, puntu bakarreko aldearekin.

Aiaraldear gehiago

Asier Beraza eta Iñigo Uria ere lehiatu dira Xativan zein Valentzian eta emaitza oso positiboak eskuratu dituzte. Xativan Beraza zortzigarren izan zen eta Uria hamabigarren. Valentzian, ordea, Berazak zazpigarren zeharkatu zuen helmuga eta Uriak hamaikagarren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide