Arabako Foru Aldundiak behin betiko urratsa egin du Foru Gobernu Kontseiluan Kexaako monumentu multzoaren erosketa onartuta. 2.694.000 euroko gastua ekarriko du ekimenak eta aintzat hartu beharra dago zati bat jadanik berea zela; jauregia edo dorretxea eta jauregiaren plazatxoa. Ondasun horiek Arabako Probintziako Aurrezki Kutxaren dohaintza bidez eskuratu ziren 1974an.
Aste honetan hartutako erabakiarekin, ordea, hurrengo higiezinak hartuko ditu bere gain Aldundiak:
- Ama domingotarren monasterioa edo Done Joan Bataiatzailearen komentua: 4.724,56 metro koadroko azalera eraikia eta 14.854,69 metro koadroko lursail partzialki hesituarekin. Bertan, garbitegi estalia, hilerria eta etxola daude. Aiarako 19.764 zenbakiko erregistro finka. Aiarako 6 poligonoko 212 lurzatiko 1 eraikina.
- Adatseko Ama Birjinaren hilobi dorre-kapera: 829,76 metro koadroko azalera eraikia duena. Aiarako 19.765 zenbakiko erregistro finka. Aiarako 6 poligonoko 212 lurzatiko 2 eraikina.
- Bikarioetxea edo apaizetxea: Haren fatxadak ixten du gainerako eraikinetara sartzeko patioa, eta 298,22 metro koadroko azalera eraikia du. Aiarako 19.766 zenbakiko erregistro finka. Aiarako 6 poligonoko 212 lurzatiko 4 eraikina.
- Errepidearen beste aldean dauden eraikinak: El Molino errekaren ezkerreko aldean, monumentu multzora sartzeko zubiaren ondoan. Ibaguen auzoko 24 zenbakiko etxea edo arkuen etxea, 751,75 metro koadrokoa. Ibaguen auzoko 25 zenbakiko etxea, 600,80 metro koadrokoa. 25 zenbakiko etxeari atxikitako ukuilu-biltegia, nekazaritzako biltegia, andela. 68.879,89 metro koadroko lursaila; horietatik 68.261,23 metro koadro landa lurzorukoak dira. Aiarako 19.768 zenbakiko erregistro finka. Aiarako 6 poligonoko 92 lurzatia.
- Errotako presan larreetarako erabiltzen den lursaila: 1.615 metro koadrokoa. Aiarako 9.766 zenbakiko erregistro finka.
Horrez gain, hainbat erlikia eta objektu ere eskuratuko ditu erakundeak, honako hauek horien artean:
- Adatseko Ama Birjinaren jatorrizko erlikia ontzia.
- Aiala kantzilerraren (Pedro López de Ayala) eta Leonor de Guzmanen hilobia. Fernán Pérez de Ayalaren (kantzilerraren aita) estatua etzana.
- Elvira de Ceballosen (kantzilerraren ama) estatua etzana.
- Adatseko Ama Birjinaren erretaularen eta apainduraren kopia.
- 1399an kapera eraiki izanaren oroitarria.
- Kexaako monasterioaren artxibo dokumentala.
- Done Joan Bataiatzailearen tailua.
- Kristo gurutziltzatuaren “Kristo Marinela” tailua.
- Veneziako ziborioa.
- Nakar inkrustazioak dituen gurutzea.
- Epifania.
- Ama Birjinaren marfilezko bi irudi.
Babes bereziko ondasuna
Inbertsioa argudiatzeko, Arabako Foru Aldundiak gogoratu du multzoa “babes bereziko kultura ondasun" izendatu zuela Eusko Jaurlaritzak 2019an. "Duen balio historiko eta artistikoagatik, nobleziaren ondare eta ondare zibilari dagokionez, ondoen kontserbatutako adibideetako bat da. Honako eraikin hauek ditu: aiaratarren dorretxe jauregi oinetxea eta Done Joan Bataiatzailearen komentua, XIV. mendean Fernán Pérez de Ayalak eraikiak; Adatseko Ama Birjinaren kapera dorretzarra, haren seme Pedro López de Ayalak, Aiala kantzilerrak, eraikia, Erdi Aroan Araban eragin handiena izan zuen pertsonaia izan zenak; Done Joan Bataiatzailearen eliza; apaizetxea eta beste eraikin batzuk, hala nola sartzeko zubia eta etxe batzuk" arrazoitu du erakundeak.
Halaber, nabarmendu du "Adatseko Ama Birjinaren dorre-kapera harlangaitzezko dorretzar bat" dela, "almenez errematatua, eta Adatseko Ama Birjinaren kapera dago haren beheko aldean. Kapera horren habeartearen erdialdean daude Aiarako jaun-andreen eta haien familiaren hilobi eta eskultura etzan gotikoak, XV. mendearen hasieran eginak".
Erakundeak azpimarratu duen beste ondasuna da Done Joan Bataiatzailearen komentua: "Bi solairuko klaustro baten inguruan dago banatuta. Klaustro hori, hura kultura ondasun deklaratzeko adierazpenean jasota dagoenez, interes handiko gela da XVIII. mendeko arkitekturaren barruan. Orobat da aipagarria komentuak dokumentu artxibo garrantzitsu bat duela, irudi, maketa eta objektu ugari dituena, zeina ezinbestekoa den monumentu multzoa eta Arabako historiaren zati esanguratsu bat aztertzeko".