GENTZA ALAMILLO UDAETA

“Guretzat legealdiko albisterik garrantzitsuena da Aldundiak Kexaako monumentua erosi izana”

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko urt. 11a, 18:00

Gentza Alamillo Udaeta alkatea, Arespalditzan. / Aiaraldea.eus

Gentza Alamillo Udaeta Aiarako alkateak aurten Udalak betetako lanaren birpasa egin du. Kexaako monumentu historikoa Arabako Foru Aldundiaren eskuetan geratzea hartu du amaitzear den legealdiko mugarritzat.

Nola baloratzen duzue 2022a Aiarako Udaletik?

Nondik gentozen ikusita, urte oso positiboa izan dela uste dut. Nabarmenduko nuke partaidetza alorrean egindako lana. Aurtengoa izan da herritarrek udalerriko aurrekontuetan parte hartu duten lehendabiziko aldia.

Agenda 2020-2030 ere abian jarri dugu aurten. Hortik ondorio ugari atera dira eta horiek aplikatzeari ekin diogu ere. Aiara Lagunkoia proiektua izan da ikasturteko beste mugarrietako bat. Vital Fundazioarekin batera garatu dugun proiektua da hau. Jende helduarentzat herri erakargarriagoa eraikitzea da asmoa. Lanketa egiten ari gara lantalde desberdinekin, udalerrian ikusten dituzten gabeziak identifikatu eta hauek hobetzeko helburuarekin.

Euskara arlotik ere partidak handitu egin dira aurten, eta zentzu horretan guretzat ohorea izan da Aiaraldeko Euskararen Eguna gure herrian ospatu izana.

Azkenik, Patxita etxeko esleipena ere abian dago. Hori ere mugarri garrantzitsua izango da. Aiara geroz eta handiagoa da, eta geroz eta espazio gehiago behar ditu herria kulturalki dinamizatzeko. Zentzu horretan, Arespalditza eta Luiaondo udalerriko bilguneak dira eta, beraz, azpiegiturak hobetzen joan behar dugu gutxika.

Agenda 2020-2030 aipatu duzu, zeintzuk dira horren baitako proiektu nagusiak?

Hainbat lan-lerro ditugu abian. Proiektua diseinatu dugu honezkero plaka-fotoboltaikoak jartzeko bai Etxaurren Ikastolako teilatuan, baita Arespalditzako kantxa estalian ere.

Ikastolako berogailu sisteman ere inbertsio handia egin dugu: gasoil sistema batetik pellet sistema batera igaroko gara. Proiektu integrala da hori, berogailu sistema ez ezik, ur beroa eta aire bentilazioa ere aldatuko dugulako. Kontsumoa ahalik eta gehien murriztea da asmoa.

Administrazio Batzarrak dira Aiarako ardatz nagusia, zein egoeratan daude? 

Urtean zehar harreman jarraitua daukagu Administrazio Batzarrekin eta maiz elkartzen gara bertako ordezkariekin. Administrazio Batzarrei dagokienez, aurten bi zerbitzu berri jarri ditugu abian. Alde batetik, bideen garbiketa urtean behin egitetik sei hilabetero egitera igaro gara. Izan ere, bide asko urte amaierara nahiko zikin eta hondatuta iristen ziren.

Bestetik, altueran sastrakak ere kendu ditugu, herrietara kamioien iritsiera errazteko asmoarekin. Aurrerantzean, beharra duten Administrazio Batzarrei urtero eskainiko diegu zerbitzu hori. Horrez gain, Udalak hiru arlotan laguntzen ditu Administrazio Batzarrak: argiteria publikoa bezalako zerbitzuak, proiektu zehatzak aurrera eramateko dirulaguntzak eta, azkenik, Tokiko Erakundeen Finantzaketaren parte dira azken legealdi honetatik aurrera.

Aurtengo beste mugarrietako bat herrietako jaien itzulera izan da.

Bai, eta balorazio oso positiboa egiten dugu. Guztiok behar genituen jaiak. Ez bakarrik Aiarako San Prudentzio jaiak (eguraldia lagun izan ez dugun arren), baita Luiaondoko, Lantenoko eta gainerako herrietako jaiak ere. Asko eskertu behar dugu talde kulturalen eta kirol taldeen atzean dauden herritar guztien lana, horiei esker gozatu ahal izan ditugulako gure herrietako jaiak. Guztiok nahi ditugu festak, baina horien atzean beti dago norbait bere lehentasunak alde batera utzi eta herriaren alde lan egiten duena.

Arabako Foru Aldundiak Kexaako monumentu historikoa erostear dago. 

Guretzat legealdiko albisterik garrantzitsuena da. Kexaa beti izan da udalerriko erreferente bat, eta Aldundiarekin bildu izan garen aldiro azpimarratu dugu guretzat ezinbestekoa zela eraikina erakunde publiko baten eskuetan egotea. Erosketaren albistea oso pozgarria da. Lan asko dago orain egiteke, baina esku onetan dago.

Orokorrean, nola baloratzen dituzu azken lau urteak?

Legealdi berezia izan da, zalantzarik gabe. Pandemia tarteko, lau urtetan egin beharrekoak bi urtetan egin behar izan ditugu. Pandemia egoerak iraun bitartean, egunez egun herritarren beharrei erantzuten genien soilik. Egoera ekonomikoa nahiko latza izan da une batzuetan, baina Udaleko diru sarrerak mantentzeaz gain, Administrazio Batzarren partidak mantendu ditugu, baita zerbitzu publikoak ere. Baina balorazioa positiboa da guztiz. Gu programa batekin sartu ginen eta ahal izan dugun neurrian betetzen joan gara.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide