Lan-poltsa sortuko du Aiarako Udalak, bi helbururekin: zerbitzuetako behargin plazako aldi baterako ordezkapenak egitea eta tokiko erakundeko peoi lanpostuarekin lotutako lanetako beharrizan puntualak betetzea.
Gaurko argitaratu dira poltsaren oinarriak Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean. Deialdian parte hartzeko nahikoa izango da Europar Batasuneko herritartasuna izatearekin edo Europar Batasuneko herritar baten ezkontidea izatearekin. Eskolaratze ziurtagiria da eskatuko den oinarrizko formazio bakarra. Horrez gain, euskarazko B2 ezagutza maila ere akreditatu beharko dute zerbitzuetako behargin plazako aldi baterako ordezkapenak egin nahi dituztenek.
Interesdunek 20 eguneko epea izango dute eskera bete eta Aiarako Udalean aurkezteko. Presentzialki zein egoitza elektronikoaren bidez egin ahalko da hori.
Puntuaketa irizpideak
Hainbat irizpide hartuko dira kontuan langileen puntuaketa egiteko. 20 puntu emango dira gehienez erakunde publikoetan antzeko lanak egin izan dituztenei, eta beste 20 puntu gehienez enpresa pribatuetan antzeko zereginetan egon direnei. Horrez gain, bost puntu emango dira gehien jota peoi lanei lotutako ikastaroak egin izanagatik, eta beste 5 puntu, gehienez, hizkuntza eskakizunengatik.