Gizarte-laguntzaile praktikak ari zara egiten, Arespalditzako nagusien egoitzan. Nola iritsi zara bertara?
Gizarte-laguntzaile ikasketak hasi aurretik 22 urte eman nituen beste lan batean, nire bizitzarekin zerbait gehiago egin nahi nuela ohartu nintzen arte. Lau seme-alaben ama naiz eta honezkero bost biloba ditut. Nire seme-alaba guztiak helduak dira, dibortziatuta nago eta Danimarkan nire alaba eta hiru urteko biloba bikiekin bizi naiz. Emakume independentea naizela esan daiteke.
Beti izan dut beste kulturekiko interesa. Danimarkan migrazio asko dago, eta uste dut inportantea dela, bereziki nire lanean, beste kulturen inguruan ikastea. Izan ere, ezinbestekoa dugu beste kulturetako kodeak ezagutzea, laguntza eskaini ahal izateko.
Atzerrira ikastera joateko aukera izan nuenean ez nuen zalantzarik izan. Oso esperientzia polita ari da izaten nire ikasketa prozesuan.
Euskal Herrira etorri aurretik beste aukerarik zenuen buruan?
Malta eta Lituaniara joateko eskaerak ere egin nituen. Malta nuen bereziki begiko, baina bertan behera geratu zen Erasmus programa bertan. Ondorioz, hona etortzea erabaki nuen. Baneukan aukera Espainiako Estatuko hegoaldera joateko. Baina zonalde hau ezezagunagoa zitzaidan eta horrek erakartzen ninduen.
Zenbateko luzera izango du zure egonaldiak?
Lau astetarako etorri naiz. Otsailaren 16an iritsi nintzen Amurriora, eta martxoaren 18an alde egingo dut.
Arespalditzako erresidentzian ari zara praktiketan. Zer nolako esperientzia ari da izaten?
Gaztelania ez dut ondo menperatzen, beraz zeinu-hizkuntzan eta begiradarekin komunikatzen naiz erresidentziako egoiliarrekin. Oso harrera ona egin didate, oso ondo portatu dira nirekin. Arespalditzako erresidentziako egoiliar askok Googleren itzultzailea maneiatzen dakite, eta horren bidez elkarrizketak izan ditugu. Ikutuz eta irrifarre eginez elkar ulertzen dugu. Lankideak ere beso-zabalik hartu naute. Mundu guztia ari da ni gustora sentitzeko lanean, eta asko eskertzen dut hori. Zaraobeko irakasleak, baina baita egunero hartzen dudan autobuseko gidariak eta supermerkatuetako langileak ere bai! Oso adeitsuak dira guztiak nirekin.
Desberdintasunik nabaritu duzu Euskal Herriko eta Dinamarkako nagusien artean?
Denbora gutxi daramat hemen eta ez ditutu patologia guztiak ikusi; baina, hartatu ditudan pertsonen artean, sentsazio orokorra da Danimarka pertsona nagusiak gaixoago daudela. Uste dut hemen lehenago ingresatzen dituzuela hedadetuak nagusien-egoitzetan.
Izan duzu zonaldea ezagutzeko aukerarik?
Nire bizilekua Alemaniako mugatik oso gertu dago, oso zonalde laua da hura. Hona etorri nintzenean mendiek erakarri ninduten gehien.
Nerbioiko ur-jauzian egon naiz, ikusgarria da leku hori! Mundua ezagutzeko aukera dudan honetan, nire ardura da leku berriak bisitatzea, ez naiz hona etorri eserita egoteko!
Atzerrian ikasteko aukera gomendatuko zenuke?
bai noski, segi aurrera! Hizkuntza ez menperatzeak oztopo bat dela dirudi, baina ez da horrela.