Giro nahasian egingo da gaur Olabezarren parke fotoboltaikoa instalatzeko bilera informatiboa

Erredakzioa 2023ko mar. 28a, 07:00

Olabezar, zerutik ateratako argazki batean. / Arabako Foru Aldundia

Gaur 15:30ean Olabezarren bilera garrantzitsua izango dute herritarrek eta Krean enpresak. Konpainia horrek proiektu fotoboltaikoa burutu nahi du herrian, enpresen ekoizpen energetikorako.

Gaur 15:30ean Olabezarreko Administrazio Batzarrak bilera deitu du Krean enpresak azaldu dezan zein proiektu garatu nahi duen San Pedron. Izan ere, konpainiak energia ekoitzeko azpiegitura fotoboltaikoa eraiki nahi du bertan.

Printzipioz, eta Eusebio Meabe Lili batzarreko presidenteak Aiaraldea Komunikabideari argitu dionez, bileran ez da ezer erabakiko, herritarrei asmoa zein den azaltzera mugatuko dira.

Giro nahasia

Edonola ere, zenbait herritarren arteko giroa gaiztotu da jadanik. Pasa den astean Aiarako Udalbatzara eraman zuten gaia eta alkatearekin eztabaidatu zuten.

Gaurko bilerari dagokionez, Irene Robledak salatu du presidenteak soilik utziko diela parte hartzen Olabezarreko biztanlei, eta leporatu dio zerbait ezkutatu nahi izatea.

Eusebio Meabek, bere aldetik, argudiatu du Administrazio Batzarrak gardentasunez jokatu duela eta ohiko prozedura dela Olabezarren bizi direnek soilik parte hartzea horrelako hitzorduetan: "Herriko jendeari dagokio erabakitzea zer egingo den".

"Bi bilera egin ditugu Krean enpresarekin otsailaren 16an eta martxoaren 14an eta ez gara elkartu ez Aiarako Udalarekin ez beste erakunde batekin", adierazi du Meabek.

25 urteko egitasmoa

Dirudienez, enpresaren interesa da 25 urtez alokatzea Administrazio Batzarreko San Pedroko lursail publikoak eta 28.000 euro ordaintzea urtero horren truke. Hala ere, Meabek nabarmendu du proposamen hori ez dagoela itxita.

Proiektuaren kontra

Irene Robleda da Olabezarren jadanik proiektuaren kontra agertu den herritarretako bat eta, Eusebio Meaberen ustez, hori da jarrera zabalduena.

Robledak salatu du azpiegitura fotoboltaikoa ezin dela trantsizio ekologikoaren kontzeptuaren barruan kokatu: "Egun lursail horiek herrian dauden abeltzain gutxi batzuek erabiltzen dituzte. Bitarteko horiek kenduta, euren ustiategien jarraipena kolokan jarriko da eta ezin da ekologikotzat jo enpresak hornituko dituen proiektua eta, aldi berean, kilometro 0ko produktuak ekoizten dituzten abeltzainen jarduerak suntsituko dituena".

Ertzaintzaren agerpena

Giroa, berez, arrotza bazen jadanik. Baina atzo Ertzaintza agertu zen Olabezarren 15:30ean eta ziurtatu zuten gaur ere egongo zirela. Eusebio Meabek adierazi du berak ez duela polizia deitu eta ez dakiela nork bidali duen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide