Emaitza oparoak biltzen jarraitzen du Jon Durana eskualdeko mendi korrikalariak. Iaz hirugarren postua lortu zuen Aiaramendiko lasterkariak Euskal Mendizale Federazioko Kopako kategoria absolutuan, eta aurtengo urtea emankor hasi du. Izan ere, Euskal Mendizale Federazioarekin ariko da lehiatzen, erakundeak jakinarazi duenez. Hain zuzen, bost lasterkari onenen artean kokatu da aiaraldearra eta, berarekin batera, Hodei Samaniegok, Ibai Makazagak, Javi Goitiak eta Victor Bernedok osatuko dute Euskal Herriko boskotea.
Euskal Mendizale Federazioak sare sozialetan adierazi duenez, asteburuan jokatu dute Espainiako Txapelketa, eta laugarren sailkatu dira bai gizonezkoen taldea eta baita emakumezkoena ere. "Espainiako Txapelketan Promesetan txapeldun. Laugarren postua kategoria absolutuetan, bai gizonezkoan bai emakumezkoan. Bakarka, Irati Zubizarretaren bosgarren postua nabarmendu nahi dugu eta, bereziki, Aitor Zunzunegik promesetan lortutako brontzea", azpimarratu dute.
