Laudioko Ertzain Etxeak hiru salaketa jaso ditu Luiaondon azken egunetan. Izan ere, apirilaren 13an eta 15ean hiru autoren kristalak hautsi zituzten, eta barruan zeuden ondasunak hartu zituzten.
Aiaraldea Komunikabidea autoan lapurtu zioten herritar batekin mintzatu da, eta horrek azaldu dio Ertzaintzak berak eman ziola gertakariaren berri larunbatean.
Dirudienez, trenean zihoan bidaiari batek ikusi zituen lapurrak auto baten kristalak apurtzen geltokiko aparkalekuan. Polizia Luiaondora bertaratu zen, eta inguruak arakatu zituen. Beste ibilgailu kaltetua topatu zuten eta orduan jabeari deitu zioten.
Ertzaintzako prentsa bulegoak adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari ez dela atxiloketarik egon, baina lapurreta pairatu zuen herritarrak aipatu dio hedabideari egunean bertan identifikatu zituztela ustezko egileak.