Igande honetan, apirilaren 30ean, utzi gintuzun, baina, ez betirako. Izan ere, zure asmoa beti izan zen mundu hau uztean hegazti batean haragitzea, malkar-sorbeltz batean, hain zuzen. Zure hegazti kuttunena, Aroko, Eskutxiko, Unginoko eta Gorobel mendilerroko tontor harritsuetan hegan egiten duena.
Nik gogoratu nahi ditut azken hamar urteetan izandako hitzordu ugariak, zehazki, zure lehenengo liburua idazteari ekin zenionetik. Andres zure anaiari buruz egin zenuen, txiki-txikitatik mendizerran artalde bat kudeatzera moldatu behar izan baitzen.
Liburuak nire denbora hartu zuen, egunez egun datuak gehitzen joaten zinen forma emateko eta azkenean 2012an argitaratu zenuen. “Behartu” ninduzun hitzaurrea idaztera, eta forma ematearen lan nekeza nire gain erori zen. Andrés Luengas Otaola. El pastor más joven de la Sierra Salvada izan zen bere izenburua. Andres zure anai kuttunena eta haurtzaroko jainkoa zen.
"10 liburu idatzi zenituen eta lehenengoa zure anai kuttunaren biografia izan zen"
Gero, agian liburuak zapore ona utzi zizulako, ekin zenion beste batzuk idazteari. Batzuetan zure bizipenak islatu zenituen, beste batzuk Aiarako historiarekin zeuden lotuta eta zenbait pertsonen biografiak ere osatu zenituen, aitortza merezi zutela uste baitzenuen.
Bizipenetatik bi liburu atera zenituen: Generalidades I y II eta Mis rebeldías, 2015 eta 2018 artean argitaratuak. Esparru historikoan edo biografikoan honakoak argitaratu zenituen: Breve reseña de la Tierra de Ayala y su Fuero (2016), Datos históricos y curiosidades en la Sierra Salvada (2019), Juan Antonio Alaña. El ayalés polifacético (2021) eta Andrés Espinosa Etxebarria. El pionero del montañismo en Euskal Herria (2021).
Zure lumaren zurrunbilo horrek hamar liburu utzi zituen; baina, hori baino lehen, aipatzekoa da zure mendizaletasuna, ez zena tontorrak igotzera mugatu. Zaletasunak eraman zintuen kluba sortzera, zure garra bideratzeko eta garaiko gazteei euren aisialdia betetzeko jarduera osasuntsuak eskaintzeko.
"Mendiko Lagunak taldea sortu zenuen eta gero zure anaiarekin, Andresekin, eraiki zenuen aterpea Ponatan, udako oporrak horretara bideratuta"
Beste zale batzuekin abiatu zenuten Amurrioko Mendiko Lagunak kluba 1962an. Hirurogei urte geroago kluba sendo dabil eta kide gazteek iragartzen dute etorkizuna izango duela.
Ez dago mendi klubik aterperik gabe eta urte gutxi batzuk igarota eta gar berarekin igeltsero lanei ekin zenion, zure udako oporrak baliatuta, Andrés anaiarekin. Mendilerrora igotzen zineten eta horrela eraiki zenuten Ponatan dagoen aterpea.
Aiarako mendizaletasuneko mugarri biak islatu dira zenbait artikulutan Aztarna aldizkari etnografikoan eta Así se fundó el Mendiko-Lagunak de Amurrio (2020) liburuan.
Orain gurekin ez zaudela, aipatu behar dugu zure jakin-minak eraman zintuela Aiarako paisaien gainetik hegan egitera autogiro batekin eta kamararekin. Emaitza zenbait bideotan jaso zen eta tokiko erakundeek erosi eta zabaldu zituzten. Halaber, Gorobel mendilerroan ikatza nola egiten zuten erakusteko beste bideo bat egin zenuen.
Eta zer esan Aiarako artxibategian, Arespalditzan, Arotik gertu baseliza bat zegoela aurkitu zenuenekoaz; San Bitores. Orain, horren omenez baseliza egin ala ez erabakitzen duten bitartean, aldarea egin dute eta aitzakia da urtero irailean Kobatan artzainen jaia ospatzeko.
"Zuk topatu zenuen Aiarako fitxaregian San Bitores baseliza existitzen zela Aron eta hori aitzakitzat hartu da Aiarako artzainen eguna ospatzeko irailean urtero"
Bazenuen beste zaletasun bat, ez horren ezaguna, musika konposatzearena. Ez zenuen ia ikasketarik, Jesus Totorica apaizaren bidez jasotako oinarrizko jakintzak kenduta, zeinak Zuhatzako Haranean irakatsi zizkizun. Han jaio zinen duela 91 urte, 1932eko apirilaren 15ean edo, zuk esaten zenuen moduan, “Espainiako II Errepublika aldarrikatu zen egunean”.
Zure eskuetatik sortu ziren zenbait konposizio, eta Santiago Nestar del Olmok abestu zituen eskubazabaltasunez, zure lehen libururako, Andres artzain gazteari idatzitakoa.
Zure liburuen aurrehitzei dagokienez, Julen Guaresti Etxebarria aipatu behar dugu, zure liburuen hitzaurre bat baino gehiago idatzi baitzuen eta, harreman zuzena ez badauka ere, Vte. Francisco zure anai nagusia ere gogoratu behar dugu, liburu bikain hau idatzi zuena: Introducción a la Historia de la M. N y M. L. Tierra de Ayala (1974).
Agian, jakin gabe, bera izan zen zure inspirazioa letren munduan buru-belarri murgiltzeko. Ibilbidea burutu da ¿Cuál es el origen del universo y de la vida? (2022) liburuarekin. Horretan salto kualitatiboa egin duzu eta mundu konplexuan sartu zinen, non soilik zientzialari ausartenak barneratu diren, bizitzaren balizko jatorria lantzeko. Liburu horretan biluztu zinen eta bizitzaren jatorriari zein heriotzari buruz zenituen pentsamenduak azaldu zenituen.
Liburu horren hitzaurrean esaten nizun litekeena zela hori azkena izatea, nahiz eta nahiago nuen pentsatzea azkenaurrekoa zela, eta horrela izango da, ez soilik aipatu zenidalako bazeundela beste bat mamitzen, baizik eta oraindik geratzen zaizulako idaztea estreinatu berri duzun bizitza horri buruzkoa.
Esan ohi zenuen moduan: “Nik ez dut behar mezara joan Jainkoa, nire Jainkoa, beti dudalako presente eta berarekin mintzatzen naiz bitartekorik gabe”. Kasu honetan salbuespena egingo duzu, berarekin topo egingo baituzu leku erlijioso batean, maite zaituzten guztiek zu agurtu ahal izateko. Jarraian, hegan egiten joango zara malkar-sorbeltz formarekin eta Andres anaiarekin egingo duzu topo, baita zure bi semeekin, Angel Alberto eta Alfredo, zu baino lehen joan zirenak.
Hemendik animo handia Agustinarentzat, zure emaztearentzat.
Bihar arte eta, elizkizunean zure klubak jarriko duen lorezko koroaren lema nire eginda, “mendiak gorde ditzala”.
Albertoren bibliografia
* “Andrés Luengas Otaola. El pastor más joven de la Sierra Salvada” Uztaila 2012.
* “Generalidades I” Iraila 2015.
* “Breve reseña de la Tierra de Ayala y su Fuero” Azaroa 2016.
* “Generalidades II” Iraila 2017.
* “Mis rebeldías” Abendua 2018.
* “Datos históricos y curiosidades en la Sierra Salvada” Apirila 2019.
* “Así se fundó el Mendiko-Lagunak de Amurrio” Apirila eta uztaila 2020.
* “El ayalés polifacético. Juan Antonio Alaña” Apirila 2021.
*..“Andrés Espinosa Etxebarria. El pionero del montañismo en Euskal Herria” Iraila 2021.
*“¿Cuál es el origen del universo y de la vida?” Maiatza 2022.