Maiatzaren 1ean Llantenoko Jai Batzordeak jakinarazi zuen sare sozialen bidez ezezagunek lapurreta egin dutela eta jaietan baliatzen duten material ugari eraman dutela. Batzordeko kideek azaldu zuten ezuste ezatsegina topatu zutela txosnako gunera joan zirenean dena atontzera.
Izan ere, norbaitek mailua eta zizela erabili eta barruan sartu zen izozkailua, mikrouhin-labea, kafe makina, luzagailua, trafikoa arautzeko seinaleak, jolasak egiteko elementuak eta banderak zein zapiak eramateko.
Batzorderako kolpe handia izan da, hori guztia lan boluntarioaren bitartez eskuratu baitute eta laguntza eskatu dute, norbaitek ez ohiko zerbait ikusi badu, esan diezaien.
Bestalde, lantenoarrek aipatu dute oso ondo iruditzen zaiela kanpoko jendea Andra Mari Zuriko inguruetara joatea eta erabiltzea, baina salatu dute horren kontrako neurriak hartuko dituztela jarrera kaltegarriak errepikatzen badira. Esaterako, gurpil aztarnak utzi dituzte eta sua piztu dute, sutea eragiteko arriskua biderkatuta.
