Sanprudentzioak igarota, maiatzaren 15ean izango da Aiarako hurrengo jai egun garrantzitsua. Urtero bezala, San Isidro Azoka egingo dute egun horretan Arespalditzan, goiz osoko egitarauarekin. Aurtengoa XLV. edizioa izango da eta, ohiko ekintzez gain, jarduera berriak ere ekarriko ditu.
Pirenaica Arrazaren Lehiaketa da azokako ohiko ekintzetako bat. 8:00etan egingo diete harrera abereei. Animaliak goiz osoan zehar egongo dira ikusgai, eta 13:30ean banatuko dituzte sariak. 9:30ean, aldiz, tokiko ekoizle eta artisauen azoka irekiko dute, eta ordu erdi beranduago inauguratuko dute landa eremuko emakumeei buruzko erakusketa, Gizarte Etxean. Gaittun kolektiboak antolatu du espozisioa, eta Gema Arrueta arduratu da egiteaz. 11:30ean Kalaka egurrezko jokoak probatzeko aukera egongo da. Eguerdian ohiko meza egingo dute, 12:00etatik 14:00etara haurrentzako talo eta kometa tailerra egongo da eta 13:00etan tokiko produktuak dastatu ahalko dituzte azokara bertaratzen direnek. Bukatzeko, herri kirol erakustaldia antolatu dute 13:30etik aurrera.
‘San Isidro Txiki’
Aurtengo berrikuntza nagusiak haurrentzako eskaintzan egongo dira. Izan ere, ‘San Isidro Txiki’ egitasmoa prestatu du Udalak, 4 eta 12 urte bitarteko haurrek ere azokaz gozatzeko aukera izan dezaten. Arespalditzako Gizarte Etxean egingo dute ekimena 9:00etatik 14:00ak arte. Izen emateak 5 euro balioko du eta udaletxean zein Internet bidez egin daiteke inskripzioa. Maiatzaren 10a izango da horretarako azken eguna.
Bolo txapelketa
Aiarako Bolatoki Klubak, bere aldetik, bolo txapelketa antolatuko du azokaren testuinguruan. Maiatzaren 13an abiatuko dute, 18:00etatik 20:00etara, Kexaan. Hurrengo egunean izango da bigarren hitzordua, 11:00etatik 13:00etara, toki berean.
Hemen ikusi daiteke azokaren iazko edizioaren bideoa: