Lehenik eta behin, nola baloratu dituzue igandeko emaitzak?
Oso positiboki. Gure helburua zen EAJren gehiengo absolutua apurtzea. Izan ere, kudeaketa horrekin egon garen bitartean, ez gara eroso sentitu. Gure xedea zen hori ez errepikatzea eta lortu dugu. Oso ondo.
Baina, horrez gain, orain oposizioko bigarren indarra zarete eta matematikek aukera ematen dute zuek alkatetza lortzeko. Zer erabaki duzue horren inguruan?
Atzo egin genuen bilera eta hori aritu ginen aztertzen. Lehenengo aldiz aurkeztu ginenean, gure asmoa zen independenteak izatea eta gure kabuz lan egitea. Oraingo honetan, hiru legealdi eman ditugu jadanik udalean, ikusi dugu nola egiten duen EH Bilduk lan eta errespetatu genuen EAJ duela zortzi urte, gehiengo absolutua lortu baino lehen.
"Gaur elkartuko gara EH Bildurekin jakiteko zein den bere planteamendua"
Orain pentsatzen ari gara eta ez diegu atea itxiko matematika horiei. Hala ere, lan handia dugu aurretik. Lehenik eta behin, EH Bildurekin hitz egin behar dugu eta entzun eurek zer planteatzen duten. Aztertu behar dugu ideiekin eta lan egiteko moduarekin ados gauden.
Hori guztia aztertu behar dugu. Printzipioz, lehenengo momentutik ez dugu ezetz esaten. Guk aztertuko dugu gai garen Aiararako zerbait hobea egiten bion artean, baina oso argi izan behar dugu. Guretzat gakoa ez da alkatetza eskuratzea.
EAJrekin ere elkarrizketa izango dugu, jakin behar dugu euren iritzia, agian aldaketa handia planteatzen dute. Entzun behar ditugu.
Duela zortzi urte EAJk gobernatu zuen gutxiengoarekin. Zer aldatu da orain?
Gehienbat, gure burua gai ikusten dugula gobernatzeko. Ezagutzen dugu Udalaren funtzionamendua eta badakigu zer proposatuko genukeen. Edonola ere, guk ez dugu lortu gehiengoa, hori EAJk egin du eta guk bakarrik ezin dugu egin.
"Hiru legealdi igaro ditugu udalean eta gai sentitzen gara kudeatzeko"
Akordioak beharrezkoak izango lirateke eta ez dakigu aukera egongo den; baina, gure burua gai ikusten dugu eta argi dugu nola egingo genukeen lan, izan dugun esperientziagatik. Horregatik pentsatu dugu unea dela horretarako. Entzungo dugu eta saiatuko gara.
Jarri duzue zerbait mahai gainean EH Bildurekin gobernua osatzeko?
Egia esanda, momentuz ez dugu ezer jarri mahai gainean, soilik guk nahi duguna eta lortzea espero duguna.
Gaur elkartuko gara EH Bildurekin eta entzun behar ditugu. Ez dakigu zeintzuk diren euren baldintzak edo zein den euren planteamendua.
Imajinatzen dut ideia eta helburu batzuetan ados egongo garela, baina lan egiteko modua agian ez da bera edo zerbait nahi dute zehazki eta gu ez gaude prest. Baloratuko dugu horren arabera posible den ala ez.
Hala ere, berez guk ez dugu ezer irabazten alkatetza izateagatik. Momentuz irabazi dugu, gehiengo absolutua apurtu dugulako. Hori badaukagu.
Zergatik uste duzue zuen emaitzak hobetu dituzuela?
Bost hauteskunde mahai daude. Mahai batzuetan ikusi dugu ez dugula asko jaitsi, baina bozka gehien Lantenoko mahaian lortu ditugu.
Herri hauetan dagoen arazoa medikuen aldaketarena izan da; Gurutzetako ospitalea erreferentziazkoa izatetik, Galdakaokoa izatera igaro da.
Gatazka horren kudeaketan oso sartuta egon gara eta uste dut herritarrek ez dutela sentitu babesa edo inplikazioa EAJren aldetik. Horrek eragin handia izan du, nire aburuz.