Pozik agertu da Aiara Txirrindularitza Elkarteko kirol zuzendari Valentin Campo taldea egiten ari den denboraldiarekin. Postu eta marka garrantzitsuak eskuratzen ari dira bertako kirolariak, eta denboraldi “ikusgarria” egiten ari direla uste du.
Martxoan hasi ziren lehiatzen, etxean, Airako Biran. “Egun Espainiako Estatuan kadeteen kategorian dagoen lasterketarik garrantzitsuena” da, zehaztu du Campok. “Ezin hobeto” egin zuten denek, birak dituen sei etapetatik taldeka lau irabazi baitzituzten. Gainera, Iker Colmenerok azken bi etapak irabazi zituen eta birako txapeldun izan zen sailkapen orokorrean. “Balentria handia dela esan genezake”, adierazi du kirol zuzendariak. Horrez gain, Ekhi Uriarte zortzigarren sailkatu zen eta Luyando-Ganzedo taldea (Aiarako Txirrindularitza Elkartearena), garaile izan zen taldekako sailkapen orokorrean ere; “oso emaitza onak”, Camporen esanetan.
Kirol zuzendariak txirrindularien maila handia eta taldeko giro ona azpimarratu ditu.
Martxotik hona “astebururo hainbat lasterketa” egin dituzte Euskal Herrian zehar eta baita Kantabrian ere. Kirol zuzendariak azaldu duen bezala, Iker Colmenerok sei lasterketa irabazi ditu; Jon Egiak Euskadiko Txapelketa irabazi zuen Seguran (Gipuzkoa) kadeteen lehenengo urteko mailan; eta Ekhi Uriartek bi lasterketa irabazi ditu, bata Galizanon (Kantabria) eta beste bat Etxebarrian (Bizkaian).
Guztira, bederatzi garaipen lortu dituzte maila indibidualean eta hamar talde moduan. “Oso zaila da egiten ari direna egitea”, dio Valentin Campok. Orain “trantsizio fase batean” daude, ikasturte amaierarekin eta azterketekin arduratuta, baina kirol zuzendariak aipatu du datorren astetik aurrera buru-belarri murgilduko direla entrenamenduetan, denboraldi luzea geratzen baita oraindik.
Bi helmuga berri
Errepideko denboraldia urria hasieran amaitzen da eta dagoeneko fokua beste bi lehiaketatan dute jarrita. Hurrengo helburua Txuma Klasika dutela zehaztu du Camposek, Bizkaian ekaina amaieran egiten den hiru eguneko bira. Irailean Arabako Bira izango da eta hori da taldearen bigarren helmuga. Nolanahi ere, urria amaiera arte astebururo lehiatzen jarraitzea da euren asmoa.
Gakoa
Valentin Camposek oso argi du zein den horren emaitza onak lortzeko gakoa. Lehenik eta behin, “txirrindularien kalitatea” eta, gero, taldean dagoen “giro ona”. Izan ere, azpimarratu du talde moduan oso ondo ari direla eta moral aldetik ere indartsu daudela, irabaz dezaketenaren sentsazioarekin lehiatzen baitira.
Amaitzeko, taldeko babesleei eskerrak eman nahi izan dizkie Camposek: “Haiei esker beste urte batez lehiatzen jarraitu gaitezke”.