Hodei Muñoz gaztea oso denboraldi ona egiten ari da bere lehen urtean junior kategorian. Izan ere, Espainiako Kopa irabazteko aukerak mantentzen ditu txapelketa amaitzeko gutxi geratzen denean. Zehazki, azken etapa Peñafielen (Valladolid, Gaztela eta Leon) jokatuko da eta Muñoz bigarrena da sailkapenean.
Berez, luiaondoarrak ez du lasterketarik irabazi, baina, lehen postuetan bukatu ditu etapa guztiak. Berritxun eta Mutrikun bigarren izan zen eta besteetan lehen hamar edo bost sailkatuen artean egon da.
Horrez gain, lehen urteko junior txirrindulari onena da eta Euskadiko Federazioak zein Espainiakoak hautatu dute. Gainera, Arabako txapelduna ere izan da.
Denboraldiaren une kritiko honetan, Muñozek Aiaraldea Komunikabideari azaldu dio sentsazio onak dituela eta orain sasoi onena lortzen saiatzen ari dela hurrengo erronkei aurre egiteko.