Joan den igandean, ekainaren 18an, Agurainen jokatu zen San Juan saria eta Aiarako Txirrindulari Elkartearentzat “ahazten zaila izango den eguna” izan zen. Aiarako hiru txirrindulari lehen lauren artean sailkatu ziren eta Iker Colmenerok eta Ion Egiak beren kategoriako lider postuak finkatu zituzten.
Hasiera-hasieratik nabarmendu ziren Ekhi Uriarte eta Iker Colemenero Aiarako txirrindulariak, eta ibilbide osoa egin zuten lasterketa buru, indarrez jotzen zuen haizearen kontra.
Helmuga ibilkorra Uriartek eskuratu zuen eta mendikoa Colemenerok. Garaipena, ordea, harri-orri-arrera jolastuz banatu zuten, taldeak sare sozialetan zabaldutakoaren arabera. “Helmugatik bost kilometrora jokatu dute eta... Ekhik irabazi du”, azaldu dute.
Atzean, Ion Egia bigarren zihoan esprintean, eta hala gurutzatu zuen helmuga, laugarren postuan. Haren aurretik Arkaitz Suso gasteiztarra helmugaratu zen. Sailkapenean Harri Paskier 18. izan zen eta Danel Gorostiaga 21.
Lasterketan eskuratutako puntuekin Iker Colmenero kadeteen 2. urteko sailkapenaren nagusitasuna handitu du eta Ion Egiak 1. urtekoen lider izaten jarraitzen du.
Norbanako lorpenez gain, txirrindularitza elkarteak balioan jarri nahi izan du egindako “talde erakustaldia”. “Pilak topera kargatuta”, asteburu honetan izango den Txuma Memorialean dute orain ikusmira jarria.