Energia Berriztagarrien Sektore Plana, Aiarako lehen talka oposizioa eta udal gobernu taldearen artean

Aitor Aspuru Saez 2023ko uzt. 13a, 08:45

Udal gobernuaren osaketan ateratako irudia. / Aiaraldea.eus

Aiarako EAJk oharra plazaratu du leporatzeko EH Bildu eta Aiara Batuzi gardentasun falta, eta udal gobernu taldeak adierazi du helegite sorta prestatzen ari dela Ekonomia Sailburuak egindako planari.

Aiarako EAJk oharra zabaldu zuen atzo kritikatzeko EH Bilduk eta Aiara Batuzek ez dutela deitu Energia Berriztagarrien Sektore Planari buruz egindako bileretara.

Jeltzaleek azaldu dute bi deialdi egin duela Aiarako Udalak plan horri lotuta eta ez duela gonbidapenik jaso parte hartzeko. "Aiarako udalaren gardentasunean eta parte-hartzean atzerapauso hori, lehen indar politiko guztiak joaten ziren bileretara oposizioko lehen indar politikoa deitu ez denez, Aldaketaren Gobernu Taldeak abian jarri duen neurrietako bat dela ulertzen dugu" adierazi du Gentza Alamillo EAJko bozeramaileak.

EH Bilduk azaldu du premiazko bilerak izan direla

Karmele Poblacion EH Bilduko zinegotziak aitortu du bi bilera egin dituztela Energia Berriztagarrien Plana lantzeko, baina ez dutela apropos EAJ kanpoan utzi: "Duela hilabete bat baino gutxiago hartu genuen alkatetza eta premiazko gai ugariren artean hau zegoen. Denbora luzea behar izan dugu ganoraz analizatzeko eta zer egingo dugun erabakitzeko eta helegiteak aurkezteko epea uztailaren 24an agortuko da, gure lehentasuna zen Administrazio Batzarrei azaltzea egoera."

Aiarako Udalak helegiteak aurkeztuko ditu planaren kontra

Hausnarketa prozesuaren ondorioa izan zen helegiteak aurkeztuko dituela Aiarako Udalak Energia Berriztagarrien Sektore Planaren aurka. "Bi helegite mota izango dira. Bata planari bera jarriko dugu zalantzan, muinean ez baikaude ados eta teknikoki posible da horren kontra egitea. Horrez gain, tokiko helegiteak prestatuko ditugu,, Administrazio Batzarren artean egoera ezberdina baita".

Menagarai, Zuhatza, Arespalditza, Murga, Etxaurren eta Olabezar, toki gatazkatsuenak

Bide batez, Poblacionek argitu du bi bilera deitu dituztela Administrazio Batzarrekin guztiak ez daudelako egoera berean. "Batzuetan -Menagarai, Zuhatza, Arespalditza, Murga, Etxaurren eta Olabezarren jadanik plaka fotovoltaikoko azpiegitura handiak egiteari irekitzen dio atea planak. Ataka horietan dauden batzarrei bilera deitu genien uztailaren 6an euren egoera berezia delako". Asteartean, ordea, gainerako batzarrekin bildu zen Udala.

Denbora falta EAJri erantzuteko

EH Bilduko zinegotziak azpimarratu du gai honetan, bereziki, denbora falta izan dutela: "Eskatu zitzaion Eusko Jaurlaritzari helegiteak aurkezteko epea luzatzea, aintzat hartuta hainbat udaletan aldaketak egongo zirela, baina ez zuen onartu. Ondorioz, korrika eta presaka landu behar izan dugu afera. Hori dela eta, oraindik ez dugu tartea izan EAJko galderei erantzuteko. Espero dut gaur bertan egitea, baina ez dugu apropos alboratu eztabaida honetan."

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide