Salmantonen jaiak ospatuko dituzte igandean eta asteartean eta horretarako pandemia aurretik baliatzen zuten ekintza sorta berreskuratu dute.
Gauzak horrela, uztailaren 16an -igandea- VI. mendi ibilaldia abiatuko dute 10:00etan eta 15:00etan herri bazkaria egongo da bertaratzen diren guztientzat.
16:30ean umeentzako puzgarriak prestatuko dituzte eta 17:30ean herri kirolek izango dute protagonismoa. Ez da erakustaldi hutsa izango eta nahi duten haurrek zein helduek parte hartu ahalko dute jardueran.
Amaitzeko, 19:00etan odoloste jan herrikoia eskainiko dute antolatzaileek.
Asteartea
Asteartean egitaraua ez da laburragoa izango. 12:30ean Santa Marinaren omenezko mezarekin hasiko dute. Elizkizunak ez du asko iraungo, 13:00etan triki poteoaren eta ohiko zozketaren txanda helduko baita.
Bazkaldu ondoren, 16:30ean Etxebarria aita-semeak etxez etxe joango dira trikitia jotzen kalejiran eta 18:00etan umeentzako jolasak egingo dituzte.
Azkenik, Bernard Valera taldearen kontzertua eta dantzaldiaren ordua helduko da 22:00etan.