Babioko Burdin Haroko herrixkaren sekretuak azaleratzeko bosgarren indusketa kanpaina abiatu zuten astelehenean eta abuztuaren 12ra arte jarraituko dute lanean.
Ohitura jarraiki, orain egin dituzten aurkikuntzak eta aurreko urteetan lortutako informazioa partekatzeko, bisita eskainiko du bihar Aranzadi Zientzia Elkarteak. Euskaraz eta gazteleraz izango dira azalpenak.
Jon Obaldia elkarteko kide izoriarrak adierazi duenez, 11:30ean elkartuko dira Babio mendiko tontorrean egitasmoari hasiera emateko, baina mugikortasun arazoak dituztenek Izoriako elizara jo dezakete 11:00etan, Obaldiak berak igoko baititu.
Aurtengo helburua: defentsa sistema
Jon Obaldiak azaldu duenez, bi eremutan industen ari dira. Alde batetik, 15. kata egin zuten ingurutan eragingo dute. Zundaketa egiten ari dira bertan, 3x10 metrokoa, defentsa sistema nola egituratuta dagoen ikusteko. Zehazki, barneko eta kanpoko harresiak ikertu nahi dituzte.
Bestetik, 19. kata egin zuten tokian ere ari dira lanean. Iaz han sumatu zuten harresiak behera egiten duela eta uste dute han egon daitekela sarbidea. "Momentuz ez da agertu, baina ea hurrengo egunetan topatzen dugun", argitu du Obaldiak.
Egun hauetan dozena bat lagunek hartu dute Babio, indusketa kanpainarako. Asko Euskal Herrikoak dira, baina badaude Valentzia, Madril edota Sevillako kideak ere.