Arabako Foru Aldundiak diruz lagunduko du Arespalditzako Atxa jauregiko kaperaren eraberritzea. Eraikin pribatua da, eta jabeek 21.056,43 euroko aurrekontua aurkeztu zuten guztira Arabako erakundeak abian jarritako kultura ondare higiezinean zaharberrikuntzako diru-laguntzara.
Guztira, 38 eskaera aurkeztu ziren diru laguntza deialdi horretara, eta 13 norbanakori emango diete dirua, 9 ondare eraikinetan esku hartzeko. 140.000 euro banatuko ditu Aldundiak guztira, 1.000 eurotik 30.000 eurora doazen zenbatekoekin.
Hainbat mendeetako historia
Historia luzea du Arespalditzako Atxa jauregiak. 1639. urtean sortu zela kalkulatzen da, eta 1823. urtean berreraiki zuten, gaur egun duen egitura hartuz. Jauregiaz gain, eraikinak beste hainbat azpiegitura ditu bere inguruan. Horietako bat da aurki berrituko den kapera.